Aitziber Bengoetxea Lete: "Natura dut inspirazio iturri nagusia"
Kolore biziz janzten ditu bere sorkuntza lanak ondarrutarrak. Zaletasuna ezeze, terapia ere bada berarentzat margotzea. Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan daude ikusgai bere lanak, abuztuaren 8ra arte.
Aitziber Bengoetxea Lete, Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan Txikitatik afizio du margotzea Aitziber Bengoetxea Letek (Ondarroa, 1970), eta eguneroko eginbeharrek lagatzen diotenean, horretan aritzen da, barrua askatzen. Lehen aldiz Etxelilan erakutsi zituen lanak, lagunek zirikatuta eta, orain, hirugarren aldiz, Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan dauzka ikusgai. Gaur [abuztuak 6], bihar [abuztuak 7] eta zapatuan [abuztuak 8] bisitatu dezake nahi duenak, gaur eta bihar 19:00etatik 21:00etara eta zapatuan 13:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:0etara.
Noiztik duzu afizio marraztea?
Txikitatik dut gustukoa. Marrazki politak egiten nituela esaten zidaten. Ondoren, barne dekorazioa ikasi nuen Donostian, eta hortik artistikoa, planoak egiten, alde teknikoagoa ikasi nuen. Denbora librean akuarelekin margotzen hasi nintzen. Eta geroago, kamisetak, belarritakoak edota postalak margotzen.
Erakusketa da horren eraskusgarri. Zer aurkituko dute bisitariek?
Denetarik. Kamisetak, poltsak, belarritakoak, koadroak, kutxatxoak, postalak, orri markatzaileak….
Badago nagusiki erabiltzen duzun pigmenturik?
Akuarelekin hasi nintzen, eta gero, olioagaz probatu nuen, baina ez daukat pazientziarik horretarako. Akrilikoagaz ere aritzen naiz, kolore biziekin, errotulatzaileekin….
Zer da sortzea gehien gustatzen zaizuna?
Boladaka ibiltzen naiz. Batzuetan belarritakoak egin eta egin ibiltzen naiz, ekoizten moduan hasten naiz, hurrengoan koadroak, hurrengoan kamisetak. Beharbada, koadroekin gozatzen dut gehien, baina, horrela, boladaka.
Koadroek aukera handiagoa ematen dizute, beharbada, nahi duzuna hobeto adierazteko?
Koadroekin egiten dut, “ea zer ateratzen den”. Azken boladan, arbolekin nabil; aurretik, borobilak egiten… Oraingo honetan baliteke buruan ideiaren bat edukitzea margotzen hasi aurretik, baina normalean, barruan daukadana ateratzeko modu bat izaten da. Musika jartzen dut, eta margoan sartzen naiz. Margotzea da nire terapia, hori eta itsasoko bainuak.
Badabil jendea erakusketan?
Pasantean dabiltzanak sartzen dira, tartean gaztetxoak. Arratsaldea pozten didate.
Noizko lanak daude ikusgai?
Danetarik dago. Koadro erdiak lehenakoak dira. Batzuek zortzi urte dituzte, konfinamenduan egin nituenak ere badaude, eta koadro handienak, lau bat, azkenak egin ditudanak dira
Igartzen da ez direla sasoi berean egindakoak?
Bai, bolatxoak, itsasoa… daude aurretik egindakoetan. Eta, orain, zuhaitzekin ari naiz. Zurixkak egin ditut arbolen enborrak eta, itxura denez, urkiak egin ditut guztiak, hori esaten didate [barrezka].
Kolore biziak ala apalagoak nahiago?
Biziak oro har. Kolore asko sartzen ditut biziak. Pastelak gutxi daude nire lanetan.
Inspirazio iturririk bai?
Natura da inspirazio iturri nagusia: itsasoa, loreak, arbolak… bai, natura.
Azoketan-eta egoten zara?
Mamarrazokan parte hartzen dut, eta Gabonetan ere behin edo behin ere egon izan naiz. Mutrikun ere egon nintzen behin. Aurten hau dut lehenengoa, eta jaietan, abuztuaren 14an mamarrazokan parte hartzeko asmoa ere badaukat.

Aitziber Bengoetxea Leteren margolan erakusketa.