Igerileku Zaharrean auzolana egitera deitu du Mutrikuko Udalak
Alga japoniar inbaditzaileek Igerileku Zaharra eta ingurua hartu dute azkenaldian, eta egoerari aurre egiteko, igerilekua hustu eta garbitzeko auzolana egingo da abuztuaren 11n.
Mutrikuko igerileku zaharra Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, alga japoniar inbaditzaileek Igerileku Zaharra eta ingurua hartu dute azkenaldian, eta egoera horri aurre egiteko, datorren martitzenean, abuztuaren 11n, Igerileku Zaharra hustuko dute eta ahalik eta alda gehienak atera, itsasbehera baliatuta.
“Goizeko itsasbehera aprobetxatuz, ura hustu eta izango ditugun ordu gutxi horietan ahalik eta alga gehien ateratzen saiatuko gara. Lan handia izango da, eta laguntza beharko dugu”, azaldu du udalak. “Laguntzeko prest dagoen edonor izango da ongi etorria, bakoitzak ahal duen moduan eta ahal duen neurrian”. 08:00etan jarri dute hitzordua Igerileku Zaharrean.
Rugulopteryx okamurae
Alga japoniarra (Rugulopteryx okamurae espeziea) Gipuzkoako kostaldean identifikatu da, bereziki Mutriku, Orio eta Hondarribian. Jatorriz Asiakoa, Europan 2002an atzeman zuten lehen aldiz, zehazki Frantziako kostaldean. Ordutik hona, penintsulako hegoaldean zabaldu da eta, orain, Euskal Herriko uretara heldu da, nahiz eta egoera oraindik ez den hain kritikoa. Marroi okretik berde olibara bitarteko koloreak ditu, eta 30 cm-rainoko altuera hartu dezake eta arrokari eta itsas hondarrei atxikita hazten da. Bere hedapen azkarrak eta ingurune egokia aurkitzeak, bertako espezieak tokialdatzera eramaten ditu.