Ondarroa ospakizunez betzera datoz Andra Mari jaiak
Herrian dagoen indarra erakusteko egunak izaten dira Ondarroako jaiak. Herritarren izara legez, bizi-bizi datoz, auzolanean datoz, parte hartzaile datoz, feminista datoz. Aske. Euskaratik eta euskaraz.
2025eko Ondarroako Andra Mari jaiak. Leokadi eta kortxeleko mamuak jai giroan murgildu aurretik eta ostean, egongo da zer ospaturik Ondarroan. Andra Mari jaiak zer edo zer badira, topagune, auzolan, ekintzailetza eta eskuzabaltasun dira. Daudenekin batzeko egunak eta ez daudenak gogoan izan eta horiek ere jaiaren parte egiteko egunak. Jai askeak dira, feministak, eta zelan ez, euskaldunak.
Ondarroako Udalak eta herriko talde eta elkarteek elkarlanean, egitarau zabala prestatu dute. Abuztuaren 14 gauerdian, Zatozte elkarteari egingo dio Ondarroako Udalak gorazarre, herritarrei joan den 25 urteetan egindako ekarpena eskertzeko. Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie baita ere andramariak posible egiten dituztenei: “Jaiak aurrera ateratzen dutenei, lanean aritzen diren boluntarioei eskerrak eman nahi dizkiegu, beraiei esker egiten dira eta jaiak”.
Herrigunea izango da jaigune, “herriko espazioak aprobetxatuta”. Umeen gunea Latxanbre plaza izango da, batez ere abuztuaren 12an, txokolate janagaz, kukañagaz… Aurten, txosnagune bi egongo dira Kafeatzen. Danak etxeak buelta egingo du bere ohiko lekura, eta Kafeatzeko eraikinaren beste aldean, Onoren txosna batzordeko txosnak egongo dira: Ernai, Mugimendu Sozialista eta Mamarratxosna.
Alameda, frontoia, Itsasaurre eta arrain lonjako plaza ere jai eremu izango dira. Lonjako plaza berrian egongo dira umeentzako gaztelu puzgarriak, eguraldiak ahalbidetzen duenean, behinik behin. Euria aurreikusiz gero, gaztelu puzgarriak kiroldegira lekualdatuko dituztela jakinarazi du udalak, eta bero handiegia eginez gero, berriz, Zaldupe futbol zelaira. Beroari aurre egiteko, gainera, futbol zelaian ezeze, uretako puzgarri batzuk ere jarriko lituzkete, “bero boladari aurre egiteko”.

2025eko Ondarroako Andra Mari jaietako kukaña.
Ekintzak asko izango dira, jaietan aurrera eta atzera ibiliko den jendea ere bai, eta horregatik, arduraz jokatzeko deia egin du udalak. Espazio seguruak behar dituzte jaiek, askeak, guztiek ondo pasatzeko espazioak. Aurten ere, eraso matxisten aurkako protokoloa egin du udalak (ikusi egitarauan). Indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibiliziorako informazio gunea txosna gunean egongo da abuztuaren 13an eta alde zaharrean abuztuaren 16an, 19:00etatik 22:00etara. “Eraso bat jasan edo ikusten baduzu, jo arreta zerbitzura; deitu edo hurreratu”. 20:00tatik 08:00etara, aurrez aurreko zerbitzua emango dute Etxelilan (Artibai 3) edota telefonoz 688 77 27 72 telefono zenbakira deituta.
Udaltzainen telefono zenbakia 092 izango da jaietan. Abuztuaren 13tik 17ra, 24 orduz egongo da martxan. Ondarroako edozein lekutatik deituz gero telefono zenbaki horretara, udaltzainekin harremanetan jarri ahal izango da.
Herria zaintzeko deia egin du udalak, garbi jokatzeko deia, herria ondo mantentzeko ezinbestekoa baita guztion konpromisoa. “Zaindu dezagun gure herria, geuk ez badugu zaintzen inork ez du zainduko eta”.
Andramarietara kanpotik datozenentzako aparkaleku bereziak jarriko dira: Arrantza Eskolan (abuztuaren 10etik aurrera), Zaldupe eskolan eta kiroldegi aurreko plazan (abuztuaren 13tik aurrera) eta Zubi Zahar herri ikastolan (abuztuaren 14an).
Komun irisgarria egongo da Kantoipe hasieran, Urrosolo bitxidenda ondoan.
Adin txikikoek parte hartzen duten ekintzetarako, gurasoen baimena aurkeztu beharko dute ekintza hasi baino lehenago, zezen suzkoan eta kukañan, besteak beste.
[JAIAK] Badatoz Andra Mari jaiak! Zaindu herria eta zaindu ingurua!

Hemen herriko planoa informazio guztiarekin.

Aparkaleku berez