200 lagunetik gorako auzolana egin dute Mutrikuko Igerileku Zaharrean
08:00ak aurretik hasi dira boluntarioak igerilekura gerturatzen, eta eten barik aritu dira lanean. 20 metro kubikotik gorako kontainer batera bota dituzte igerilekuan zeuden alga japoniar inbaditzaileak. Pentsa baino gehiago zeuden.
Adin guztietako herritarrak batu dira auzolanean. Alga japoniar inbaditzaileak kentzeko batu dira gaur [abuztuak 11] Mutrikuko Igerileku Zaharrean. Ikusgarria izan da herritarren erantzuna. Ikustekoa nola aritu diren eten barik lanean 08:00etan hasita. 200 boluntariotik gorak hartu dituzte Igerileku Zaharra eta haren inguruak. Ume, gazte, heldu eta nagusi, denek elkarrekin ekin diote algak kentzeko eginkizunari.
Ez da lan erraza izan, nekeza izan da. Plastikozko kaxetan joan dira biltzen algak, hasieran ia guztiak zeuden urpean, gerriraino heltzen zitzaien boluntarioei ura. Minutuek eta orduek aurrera egin ahala eta igerilekua ur bonba bategaz husten joan ahala, gero eta ur gutxiagotan aritu dira. Salabardo, aitzur, esku, pala, herraminta guztiak erabili dituzte algak batzeko. Igerilekuaren ezker-eskuma giza katea osatuta, kaxa handiagoetara bideratu dituzte algak, eta handik, garabia baten laguntzagaz, 2o metro kubikotik gorako kontainer batera. Hankekin algak zapaltzen joan dira aldiro-aldiro, kontainerrean kabitu zitezen. “Algek bolumen handia daukate ur azpian, eta aterata eta ura galdu ahala, pisua eta bolumena galtzen dute”, azaldu du garabiagaz lanean zebilenak.
Goizeko itsasbehera aprobetxatuta egin dute auzolana. 10:05ean zen itsasbehera. Ordu horretan igerileku erdiako itsas hondoa ikusi zitekeen, hondarra, eta tarteka-tarteka, algak. Ezin izan da guztia hustu, baina lana ondo egiteko adina bai.
Herritarrek oso kuttuna dute gunea, eta hori igarri-igarria izan da gaur. Iñaki Markuerkiaga, Lorea Ugartetxea… atseden hartu barik aritu dira lanean, kaxak gora, kaxak behera… Igerilekuaren erabiltzaileak dira, oso leku kuttuna dute, eta ez dute bi bidar pentsatu laguntzera joatea. Igerilekua erabiltzen ez dutenak ere bazeuden, “esku bat botatzearen garrantziaren jakitun”.

Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkatea.
Ainhize Azpiazu Mutrikuko alkatea pozik azaldu da jendeak emandako erantzunarekin, eta eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie Mutrikuko Udalaren izenean alea jarri duten guztiei: “Bazekien jendeak erantzungo zuela, baina ez zuen hainbestekoa izaterik espero”. Jaso duten alga kopurua oso handia izan da: “Ikusten zen alga asko zeudela, baina ez genuen espero hainbesterik”, zioen kaxak eskuz esku pasa bitartean. “Azken egunetan algak gorutz zetozen, usaina ere bazegoen. Egoera berria da guretzat. Lehen ere algak egon izan dira, baina mareak eta korronteek eroan egin izan dituzte. Hasieran pentsatzen genuen hauek ere eroango zituela mareak, baina gelditzen joan dira, eta zerbait egin beharra zegoen. Euskal Herriaren ezaugarri bat da auzolana, eta horrela egitea pentsatu genuen, eta erantzuna sekulakoa izan da”, nabarmendu du.
Arratsaldean, tapoia jarriko diote berriro Igerileku Zaharrari, eta itsasoko urez beteko da, herritarrek hainbeste maite duten gunean igeri egin eta ur kresalaz gozatu dezaten.