Lekeitioko Zinemazaleak elkarteak izango du sanantolinetako txupinero izateko ohorea
Herritarrek hala erabakita izango da elkartea jaietako txupineroa. Udalak eskerrak eta zorionak eman dizkie elkartekideei. Sanantolinek kartela ere badute honez gero: Lierni Ortiz Elorzaren “Dzanga jaira” lana izan da irabazlea.
Lekeitioko Zinemazaleak elkarteko kideak izango dira sanantolinetako txupineroak. Argazkia: Lekeitioko Udala Herriarren eskutik, Lekeitioko Zinemazaleak Elkartea izango da aurtengo Sanantolin jaietako txupineroa. Lekeitioko Udalak egindako deialdiak harrera bikaina eduki du, eta 1.000 bototik gora jaso dituzte. Horregatik, udalak eskerrak eman nahi dizkie bozketan parte hartu duten herritarrei, euren inplikazioagatik.
2013an sortutako Lekeitioko Zinemazaleak elkartea irabazi asmorik gabeko herri ekimena da. Ikusgarri zinema aretoa itxi ez zedin eta Lekeition zinemaren kultura bizirik mantentzeko sortu zen, eta ordutik, bazkideen eta boluntarioen auzolanari esker kudeatzen du aretoa. Aurtengo izendapenaren bidez, herriak Lekeitioko Zinemazaleak elkarteak urte horietan guztietan auzolanean egindako lana eta kulturarekiko erakutsitako konpromisoa aitortu eta eskertu nahi izan ditu. “Zorionak eta eskerrik asko!”, gaineratu du udalak
Dzanga jaira
Txupineroak ezeze, sanantolinetako kartela zein izango den ere jakinarazi du udalak. Epaimahaiaren aho bateko erabakiaren bidez, Lierni Ortiz Elorza izan da aurtengo irabazlea, “Dzanga jaira” lanagaz. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Udalak eskerrak eman nahi dizkie kartel lehiaketan parte hartu duten guztiei, eta Lierni Ortiz Elorza zoriondu du: “Zorionak eta dzanga jaira!”.

Dzanga jaira, sanantolinetako kartela.