Jende pilaketak saihesteko, bidea 14:00etan itxiko dutela jakinarazi du Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzak eklipsea behatzeko neurriak eta gomendioak bildu ditu: ISO-12312-2 betaurreko ziurtatuak erabili behar dira; jarraian 45 segundo baino gehiago ez behatzea gomendatzen da.
Ailegatu da eguna. Azkenaldian denon ahotan dabilen abuztuaren 12a. Lea-Artibai eta Mutrikun, eklipsea partziala izango da eta, horregatik, eklipsea hasten denetik eta amaitzen denera arte, betaurreko ziurtatuak erabili beharko dira eguzkia behatzeko. Toki eder asko ditugu gurean eklipsea behatzeko, horietako bat Oiz da. Jende pilaketa saihesteko, Ertzaintzak jakinarazi du Oizerako bidea itxi egingo dela ibilgailuentzat 14:00etan.
Adituek diote eguzki-eklipse batez gozatzea unibertsoan daukagun tokia ulertzeko aukera paregabea dela. Baina babes neurri egokiak hartzen ez badira, behaketak begietan atzera-bueltarik ez daukaten lesio larriak eragin ditzake. Erretina berehalako minik sentitu gabe kaltetu daiteke, eta ondorioak ordu batzuk geroago ager daitezke, beranduegi denean. Horregatik, erakundeek segurtasunez behatzeko deia egin diete herritarrei eta Eusko Jaurlaritzak eklipseari buruzko web orri bat prestatu du, neurri eta gomendioekin.
Inoiz ez da ikusi behar eklipse bat zuzenean babes-elementurik gabe, ezta eklipse partzial edo eraztun formako eklipse batean ere. Metodo inprobisatuak ere ez dira seguruak, hala nola eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak, negatibo fotografikoak edo kristal ketuak. Azkenaldian askotan azaldu den legez, ISO 12312-2 betaurreko ziurtatuak erabili behar dira.
Betaurreko ziurtatuak izanda ere, jarraian 45 segundo baino gehiago ez begiratzea gomendatzen da, atsedenaldi laburrak eginez
Betaurreko horiek argi ikusgarriaren kopurua nabarmen murrizten dute, erradiazio infragorriak eta ultramoreak blokeatzen dituzte eta denbora laburrean segurtasunez begiratzeko diseinatuta daude. Garrantzitsua da arauaren azken zenbakiari “-2” erreparatzea. ISO 12312-1 erabilera orokorreko eguzkitako betaurrekoei buruzkoa da, baina horiek ez dira seguruak Eguzkiari begiratzeko. Betaurreko ziurtatuak izanda ere, jarraian 45 segundo baino gehiago ez begiratzea gomendatzen da, atsedenaldi laburrak eginez.
Betaurrekoek CE marka izan behar dute, erabilera-argibideak eta iraungitze-data, materiala iraunkorra ez bada. Erabili aurretik, komeni da atzamarkadarik, pitzadurarik edo kalterik ez daukatela ziurtatzea.
Prismatikoek, teleskopioek edo argazki-kamerek argia kontzentratu egiten dute eta, ondorioz, arriskua are handiagoa da. Tresna horien okularretik begiratzeko ezin dira eklipseak behatzeko betaurrekoak erabili. Teleskopioak edo eguzki-iragazki ziurtatuak dituzten eta adituek instalatzen dituzten tresnak baino ezin dira erabili.
Eklipsea behatzeko baldintza onak dituzten eremuetarako joan-etorriak ugaritu egingo direla aurreikusta, Jaurlaritzak gomendio batzuk eman ditu: aukeratu hurbileko puntu bat beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko. Iritsi aukeratutako lekura aldez aurretik, auto-pilaketak saihesteko. Itzulera modu mailakatuan egin. Kasu egin Ertzaintzak edo beste agintari batzuen jarraibideei.