Etxean geratu da 48. Andra Mari Saria
Aurrera KEk eta Mutriku FTk zale asko batu dituzte Zaldupe futbol zelaian. Bigarren zati erdira arte parez pare aritu dira bi taldeak. Etxekoek 4-1 irabazi dute, Alonso (2), Arkarazo eta Leonen golekin.
48. Andra Mari Saria Kirolak bere lekua dauka Ondarroako Andra Mari jaietan, eta atzo arratsaldean [abuztuak 14] futbola egon zen erdigunean. Zaldupe futbol zelaian 48. Andra Mari Saria jokatu zen. Berdegunean, Aurrera eta Mutriku izan ziren protagonista. Harmailak eta zelai ingurua zalez beteta, giro ezin hobean jokatu zuten sariketa. Mutriku aurreratu zen, partidua hasi eta ordu laurdenera kontraerasoan sartu zuten gola. Aurrez Aimar Ortegari gol bat baliogabetuta, atsedenaldira atzetik joan zen etxeko taldea.
Atsedenaren ostean, hamaikakoak aldatu zituzten bi entrenatzaileek, entrenamendu gutxi daudelako eginda oraindik taldeak eta jokalariek “ahalik eta minutu gutxien batzeko hanketan”. Bigarren zatian, guztiz aldatu zen partidua. Erdira arte ez zen markagailua mugitu, nahikoa parekatu aritu ziren taldeak. Beste gol bat baliogabetu zioten Aurrerari, eta ondoren, Aurrerak fitxatu berri duen Xabi Alonsok 1-1 eta 2-1ekoa egin zituen. Hirugarren gola ere fitxatu berri duten Amets Arkarazok igo zuen markagailura. Laugarren eta azken gola Enetz Leonek egin zuen.

Muiñosen eskutik jaso du saria Xabi Amoros kapitainak. Argazkia: Aurrera KE
Aurreraren hurrengo lagunartekoa abuztuaren 19an 19:30ean izango da, Zaldupen, Lagun Onaken aurka. Mutrikuk abuztuaren 29an jokatuko du, Lekeitioren aurka. Eta abuztuaren 29an, Mutrikun Rubio hiruko sariketa jokatuko dute. Aurrerak, Mutrikuk eta Amaikak Batek egingo dute bat berdegunean.