Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,43 euro bideratuko ditu 200 gizarte erakunde ingururen lana indartzeko
Laguntza deialdiari esker, Gipuzkoako irabazi asmorik gabeko 191 gizarte erakundek sustatutako 313 programa garatuko dira.
Gizarte ekimena sustatuko du aldundiak. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren sektorearekin elkarlanean oinarritutako zaintza eta gizarte babesaren aldeko apustua berretsi du. Horren erakusgarri, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko erakundeei zuzendutako urteko diru laguntza deialdia ebatzi du. Deialdi horren bidez, guztira 1.432.991 euro bideratuko dira Gipuzkoa osoko ia 191 erakundek bultzatutako 313 programa babestera.
Laguntzen bidez, askotariko kolektiboei zuzendutako egitasmoak sustatuko dira: adinekoei, haur eta nerabeei, desgaitasuna duten pertsonei, osasun mentaleko arazoak dituztenei, gaixotasun kroniko edo arraroak dituztenei, familiei, migratzaileei, indarkeria matxistaren biktimei eta gizarte bazterkeriako egoeran edo arriskuan daudenei zuzendutakoak, besteak beste. Era berean, prebentzioa, sentsibilizazioa, boluntariotza eta gizarte berrikuntza sustatzen dituzten ekimenek ere babesa jasoko dute.
Deialdia hiru jarduera ildoren inguruan antolatu da. Lehenengoak, 1.082.991 euroko zuzkidurarekin, pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin egiten den gizarte esku hartzea lagunduko du. Bigarren ildoak, 250.000 eurorekin, gizarte arazoen inguruko sentsibilizazio eta prebentzio ekimenak finantzatuko ditu. Hirugarrenak, berriz, 100.000 euro bideratuko ditu ikerketa eta gizarte berrikuntza sustatzera, gizartearen behar berriei aurrea hartu eta ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako erantzun berriak garatzeko.
Konpromiso sarea
Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñaren hitzetan, “Gipuzkoak gizarte sare sendoa, konprometitua eta gertukoa du. Erakunde horiek bertatik bertara ezagutzen dituzte pertsonen beharrak, premiak sortzen diren tokian bertan daudelako eta egunero-egunero, hurbiltasunez, profesionaltasunez eta gizatasunez laguntzen dietelako babes handiena behar dutenei. Diru laguntza deialdi hau foru aldundiak ezinbesteko lan hori aitortu eta babesteko duen konpromisoaren erakusle da”. Peñak azpimarratu duenez, “ezinezkoa litzateke gure zaintza sistema ulertzea gizarte erakundeekin dugun lankidetza aintzat hartu gabe. Helburu bera partekatzen dugu: pertsonak hobeto zainduko dituen, garaiz iritsiko den eta inor atzean utziko ez duen Gipuzkoa eraikitzea. Publikoaren eta gizarte erakundeen arteko lankidetza ez da politika publikoak kudeatzeko tresna hutsa; gure lurraldea nola eraiki nahi dugun ulertzeko modu bat da”.
363