Kantxa berritua, lehiaketa erabakigarriarentzat
Zapatu honetan [abuztuak 22] eta hurrengo barikuan [abuztuak 28] lehiatuko dute, Santi Brouard pilotaleku eraberrituan, gaur [abuztuak 18] aurkeztu duten Lekeitio Jai Alai Master Seriesa. Gernikako Grand Slameko finalistetako bi, Mikel Mantzisidor eta Aritz Erkiaga, partaideen artean daude.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Jai Alai Liga amaierara iristear da. Ipar Euskal Herriko txapelketak gako izan daitezke Donostian jokatuko den Lauko Finalari begira, baina ez haiek bakarrik: Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuak ere esateko asko du. Gaur [abuztuak 17] aurkeztu dute egungo puntistarik distiratsuenetako zenbait hartuko dituen Lekeitio Jai Alai Udako Master Series txapelketa. Indartuta dago lekeitiarren udako lehiarik handiena, Aste Santukoa ezin izan baitzuten jokatu.
Izan ere, denborale batek frontoian kalte handiak eragin zituen, eta haiek konpontzen nahiz espazioa eraberritzen ibili dira, lehiaketa honetan estreinaldi handia egin asmoz. Hala, Santi Brouard pilotalekua teilatu zein argiteria berrituekin eta berriz margotuta azalduko da zapatu honetako [abuztuak 22] lehen hitzorduan. Izen handiak ageri dira parte hartzaileen artean, Jai Alai Ligaren hala aurrelarien, nola atzelarien sailkapenen borrokan dabiltzanak, Donostiara begira. Alde horretatik, txapelketak erabakigarri izateko osagai guztiak ditu, Lauko Finalerako deman.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Mikel Mantzisidor mutrikuarra eta Aritz Erkiaga ispastertarra dira erakargarri handienetako bi. Lehendabizikoak Santi Brouardeko kantxan estreinatuko du iragan domekan [abuztuak 16] irabazitako Gernikako Grand Slameko txapela; bigarrena garaipenetik tanto bakarrera geratu zen, eta Lekeition arantza ateratzeko abagunea edukiko du. Izar parte hartzaileen zerrenda, halere, ez da edozelakoa: Alex Goitia, Gorka Mugartegi Atain eta Eñaut Salegi markina-xemeindarrak, Unai Lekerika gernika-lumotarra, Ludovic Ladutxe getariarra eta Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarrak osatzen dute.
Atzelaririk onenaren lehia izango da erakargarri handienetako bat. Mantzisidor bolada bete-betean dabil, eta gaur-gaurkoz berea da Lauko Finalerako txartela. Hori bai, Atain oso hurre du; gauzak oso zabalik daude. Kantxaren aurrealdera jauzia eginda, Jai Alaiko garaile Xabier Barandika ez da Lekeition egongo, baina bai, aldiz, Ispasterko magoa: Erkiaga etxean modura aritzen da kantxa horretan. Ez hori bakarrik: puntista beteranoenetako bat izanagatik ere, aurrelarien sailkapenaren buruzagitzan da gaur-gaurkoz.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Egutegiari dagokionez, zapatuan finalaurrekoen txanda izango da; final handia, hilaren 28an lehiatuko dute. Hautagaitzak aurreratzea ez da kontu erraza izango. Batetik, Erkiagak eta Lekerikak osatutako bikote solido eta eskarmentuduna dago. Bestetik, Goitia eta Atain herrikideek edota Ladutxek eta Mantzisidorrek errepresentatzen duten uriola gaztea, Goixerriren eta Salegiren ofizioa bazter utzi barik. 19:00retan ipini dute finalerdietarako hitzordua. Goitiak eta Atainek Goixerriren eta Salegiren kontra jokatuko dute lehenik; Erkiagak eta Lekerikak Ladutxeren eta Mantzisidorren aurka neurtu beharko dituzte indarrak, jarraian.
Finalaren jardunaldia 18:00retan abiatuko dute, lehenik txapelketaz haragoko partida bat lehiatuko baitute. Sarrerak aurretiaz poltsikoratu gura dituztenek horrexetarako aukera dute, Eraman Jai Alairen webgunean, 12 edo 16 euroren truke.