Denentzako jaiak izatea helburu, ekintzaz beteta datoz Lekeitioko San Antolin jaiak
Bihar [irailak 1] hasi eta irailaren 8ra arte luzatuko dira San Antolin jaiak. Aurten, denek gozatzeko jaiak izateko helburuagaz, bi berrikuntza sartu dituzte: antzar jokoa ikusteko gune egokitua eta txupina ikusteko zeinu hizkuntza interpretea. Horrez gain, urteroko osagaiek ez dute hutsik egingo, eta kontzertuak, kirol jarduerak, jolasak, kalejirak nahiz ikuskizunak egongo dira aukeran.
San Antolin jaietako egitaraua aurkeztu du Lekeitioko Udalak.Lekeitioko Udala Ordu gutxi batzuk baino ez dira geratzen Lekeitioko San Antolin jaiek eztanda egiteko. Ume, gazte nahiz heldu, herriko kaleak hartuko dituzte eta festa giro bete-betean murgilduko dira hainbat egunez. Hala, denek gozatzeko tokia eta unea izan dezaten, denentzako jaiak antolatzea izan du helburutzat Lekeitioko Udalak: “Jaiak sarritan ez dira herritar guztiak lasai ibiltzeko modukoak izaten. Lekeitiko sanantolinak auzolan erraldoia dira, eta hau zaindu beharreko altxorra da. baina hortik haratago, aurten ere udaletik denontzako jaiak izatea ere aldarri moduan hartu dugu”.
Halaber, bi berrikuntza nagusirekin datoz aurtengo jaiak: antzar jokoa ikusteko gune egokitua eta txupinean zeinu hizkuntza interpretea. Antzar Egunerako gune egokituari dagokionez, Tinglau gainean ipiniko dute, eta “Antzar Egunerako, jende nagusiarentzat, baina batez ere jende artean egoteko zailtasunak dituztenentzako” gunea izango da: “Badakigu hori baino askoz gehiago behar dela, baina urtetik urtera pausotxoak emanda, bagoaz aurrera inor bazterrean uzten ez duten jaiak antolatzen”.
Jaietako txupina ikusteko zeinu hizkuntza interpreteaz gain, aurten ere gurpildun aulkientzako tarima jarriko dute plazan kontzertuak eroso ikusi ahal izateko; tarima erabiltzeko baimen txartela eskatu behar da Turismo bulegoan, eta gutxienez %33ko desgaitasuna izatearen ziurtagiria aurkeztu.
[DESKARGATU JAIETAKO EGITARAUA]
Lehenengoz banatuko dituzte, era berean, euskararen aldeko banderolak. Udalak eta herriko zenbait eragilek aurten jarri dute “Lekeitiok euskara behar du” dinamika martxan, eta dinamika horren baita banatuko dituzte banderolak Antzar Eguneko zozketan: “Euskaraz eta euskal kulturaz blaituta hartu ditzagun sanantolinak. Jaiak ere, bizi ditzagun euskaraz!”.
Bigarrenez ipiniko dute, ostera, Arreta Feministarako gunea. Turismo Bulegoan egongo da irailaren 1, 3 eta 4an 22:00etatik 06:00etara eta irailaren 5ean, 12:00etatik 06:00etara. Era berean, Lekeitioko Mugimendu Feministarekin eta Txosna Batzordearekin protokoloa bateratu dute, eta Arreta Feministarako telefono zenbakia egongo da: 684 80 20 53.
Denetariko ekintzak. Berrikuntzak ez ezik, urtero hutsik egiten ez duten ekintzak ere egongo dira aukeran. Kontzertuak dira horietako ekintza batzuk, eta besteren artean, Zea Mays, Gozategi, Neomak, Marte Lasarte eta Puro Relajo igoko dira herriko oholtza nagusira. Horiez gain, herriko taldeetaz gozatzeko aukera ere egongo da, eta besteak beste, Itxaropena txistulari taldea, Zauria, Saji eta Txapel Punken musikagaz gozatu ahalko da.
Bihar [irailak 1] 39. Kuadrillen Bajadagaz eta Anteroren jaitsieragaz hasiko dituzte jaiak, eta ez dute etenik izango irailaren 8ra arte. Tartean egongo dira urteroko ekintzak ere, besteren artean, su artifizialak, 30. Paella Txapelketa, herri bazkaria, kirol eta musika ekintzak, Lekittoko Deabruen Correfoc-a, mastapuntakoa eta umeentzako jolasak.
[DESKARGATU JAIETAKO EGITARAUA]
Jaietako egun handietako bat da Antzar Eguna ere, eta aurten zapatua [irailak 5] izanik, “jendetza” bertaratzea espero dute udal ordezkariek: “Aurten jendetza handia espero da, eta horregatik izango da bereziki garrantzitsua jaiak guztiontzat atseginak, seguruak eta errespetuzkoak izateko ahalegina guztiok egitea. Denontzako jaiak izatea denon ardura da. Garbi mantendu eta zaindu dezagun herria eta ondokoa”.
Bestalde, ez dute hutsik egingo herri mugimenduetako eta Parkeko Guneko egitarauek ere. Parkeko Guneari dagokionez, irailaren 2an hasi eta arratsaldero egongo da zer egina bertan, bihar eta Antzar Egunean izan ezik. Hala, besteren artean, jolasak, kontzertuak, txokolatada eta denetariko tailerrak egongo dira.
Beroketa lanak, eginda. Jaien hasiera ofiziala bihar [irailak 1] izango den arren, asteburuan beroketa lanak egiten aritu dira lekeitiarrak. Zapatuan [irailak 29] Indiano Eguna ospatzeaz gain, beste hamaika ekintza egon dira aukeran. Herriko futbol zaleentzat, esaterako, egun berezia izan zen zapatukoa: aurten zendu den taldeko entrenatzaile, kirol zuzendari eta zuzendaritzako kide izandako Xabier Erkiaga Erki-ren omenezko txapelketa ospatu zuten goizean, eta omenaldia egin zieten arratsaldean.

Xabier Erkiaga ‘Erki’-ri omenaldia egin zieten Lekeitioko futbol zelaian.Lekeitio Futbol Taldea
Itxaropena txistulari taldekoentzako ere, egun berezia izan zen zapatukoa: jaietako euren 50. kontzertua eskaini zuten: “1976ko San Antolin jaietan lehenengo aldiz herriko txistulariak batu ziren Miguel Arrietaren zuzendaritzapean gure instrumentuen bitartez Lekeitioko jaiak musikagaz janzteko. 50 urte beranduago berriz batu gara, orduko helburu eta ilusio berdinarekin”.
Itxaropenako txistulariak ez ezik, herriko nahiz inguruetako musikarien laguntza ere eduki zuten kontzertua eskaintzeko: “Eskerrik asko bihotzez kontzertu honetan parte hartu duzuen denoi eta eskerrik asko, bihotzez, herriko jendeari. Publiko zoragarria izan zarete, eta zuen babesa sentitu dugu. Itxaropena taldetik urte guzti hauetan zenbat pasa zareten ikustea besterik ez dago. 50 urteko historia ospatu dugu, baina bide luzea daukagu oraindik egiteko”.

Itxaropena txistulari taldeak kontzertua eskaini zuen plazan.Itxaropena txistulari taldea