Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoak ateak itxi ditu Talaixa Geomuseoari bide emanez
Atzo [abuztuak 30] itxi zituen ateak Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoak. Mutrikuko Udalak Talaixa Geomuseoa izeneko proiektua zabalduko du Santa Katalina komentuan.
Nautilus Ikasgune Geologikoa.Mutrikuko Udala. Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoak amaiera eman zion atzo [abuztuak 30] hemeretzi urteko ibilbideari. Hala ere, ateak itxi aurretik, herritarrek museoa bisitatzeko aukera izan zuten aurreko astean. Orain, Mutrikuko Udalak proiektu berri bat du eskuartean: Talaia Geomuseoa irekiko du Santa Katalina komentuan, Narvaez-Azkarraga bildumako 230 fosil baino gehiago bertan bilduz.
2007an ireki zituen ateak Nautilusek, eta urte hauetan 30.000 bisitari baino gehiago hartu ditu beregain. Bertan, Narvaez-Azkarraga bildumako ammonite fosil ikusgarriak egon dira, bisitariei flysch beltza zer den eta nola sortu zen ulertzen lagundu dutenak. Fosilek 100 milioi urte baino gehiago dituzte, eta Jesus Mari Narvaezen eta Esperanza Azkarragaren lanari esker egon dira museoan; izan ere, 40 urte baino gehiagoz Mutrikuko Flysch Beltzaren eremutik pazientziaz erreskatatutako fosilak dira. “Euskal Kostaldeko eremu horretan bizi ziren izakiak nolakoak ziren erakusten digute, artean guzti hau itsaso tropikal baten itsas hondoa zen garai batean”, azaldu dute Mutrikuko Udaletik.
“Urte hauetan, Nautilus museoak zabalkunde lan handia egin du geologiaren eta paleontologiaren inguruan, fosilen bilduma berezi eta paregabe honetan oinarrituta, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen leku enblematiko eta interes gune bihurtu da”, adierazi dute udaletik.
Talaixari bidea utziz. Nahiz eta Nautilusek ateak itxiko dituen, aipautako fosil bilduma ikusteko aukera berria zabalduko zaie mutrikuarrei zein bisitariei. Mutrikuko Udala Santa Katalina komentuan egiten ari den lanen artean, bertako solairu bat Talaixa Geomuseoarentzat egokituko du. Flyscheko erraldoiak erakusketa iraunkorra egongo da bertan, egungoa baino eskaintza “modernoagoa eta irisgarriagoa” eskainiz. Horrez gain, ikus entzunezko ekoizpenen bidez duela 100 milioi urte Mutrikuko itsas ondoa nolakoa zen ikusteko aukera ere egongo da, eta baliabide interaktiboen bidez ammoniten ezaugarriak ezagutzeko aukera edukiko dute bisitariek. Gainera, gela didaktikoa ere egongo da, ikastetxeek eta bestelako eragileek lan egiteko. Orain arte bezala, Euskl Kostaldeko Geoparkeko Nautilus eta Flyscheko fosilak eta Flyscha haurrekin bisitak egokitu egingo dira gune berrirako.
Mutrikuko Udaletik azaldu dutenez, aipatutako proiektua Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren baitan kokatzen da, Deba eta Zumaiako beste hainbat proiekturekin batera. Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsekin finantzatutako proiektua da, eta horri esker, Santa Katalina komentu zaharra birgaitu dela zehaztu du udalak: “Isolamendu termikoa jarri da fatxada zein estalkietan eta aerotermia sistemak ezarri dira, A mailako energia kalifikazioa lortzeko”.
Horrez gain, Talaixa Geomuseoaz gain, turismo bulegoa ere komentuan egokituko dute, “zerbitzu bateratua” eskaintzeko. Udal liburutegi berria ere bertan egongo da, baita behin behineko erakusketa gela bat eta erabilera anitzeko beste gela bat.