San Antolin jaietan murgilduta daude Milloiko auzotarrak
Barikuan [abuztuak 28] mus txapelketagaz hasi zituzten jaiak, eta eguaztenean [irailak 2] San Antolin egunagaz emango diete amaiera. Asteburua "ondo" joan dela adierazi dute.
Auzo eskolaren 100 urteak gogora ekartzeko dokumentala proiektatu zuten.Milloi Auzo Elkartea Auzoetako jaiez beteta dator iraila, eta berriatuarrentzat Milloiko San Antolin jaiak dira lehenak. Barikuan [abuztuak 28] ekin zieten jaiei iluntzean hasi eta goizaldeko orduetara arteko egitarauagaz, eta eguaztenean [irailak 2], San Antolin egunagaz batera emango diote amaiera aurtengo jardunari.
Auzo elkarteko kideak aritzen dira jaiak antolatzen, eta adierazi dutenez, igaro berri diren hiru jai egunen balorazio ona egin dute: “Ondo joan dira jaiak. Guretzako hori neurtzeko termometro ona izaten da tabernarako ekartzen dugun jeneroa ea zenbat saldu den ikustea, eta aurten asko saldu da; gauza batzuk agortu ere egin zaizkigu. Jendeak ondo erantzun du, eta beraz, pozik gaude”.
Egun bete-betea eduki zuten atzo [abuztuak 30] auzotarrek. Elizkizunaren ostean Laka-Erdi upategiaren eskutik sagardo dastaketa egin zuten: “Ostera ere sagarra eduki dutenez sagardoa egiten hasi dira berriro, eta euren hiruzpalau sagardo motak egon ziren dastatzeko”. Hala, jendea “gustora” egon zela ziurtatu dute antolatzaileek.
Jarraian, triatloia egin zuten 21 partaidek, baina, triatloi berezia izan zen: “Zazpi taldetan banatuta, korrika, bizikletan eta motorrean egiten dute partaideek. Lasterketa mendian denez, igeri egin beharrean motorrean egiten dute partaideek”. Ekintza “xelebrea” denez, auzotar nahiz herritar ugari elkartu ziren lagunarteko lehiaz gozatzera: “Arrakastatsua da, jendeari gustatzen zaio. Inork ez zuen minik hartu, beraz, denok geratu ginen pozik”.
Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariek girotu zuten, ostera, bazkalaurre nahiz ostea. Bertso eta bertso artean, bazkaritarako 115 lagun inguru elkartu ziren auzoko elkartean, eta auzotarrek prestatutako jakiez gozatu zuten. Hala, egunari amaiera eman zieten Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxausti trikitilarien erromeriagaz eta otzara baten zozketagaz: 009 izan zen zenbaki irabazlea, eta 1087 zenbakia, ordezkoa. Azaldu dutenez, irabazleak 15 eguneko epea dauka saria jasotzeko.
Zapatuan [abuztuak 29] ekitaldi bakarra egon zen arren, “berezia” izan zen: “Milloiko auzo eskolak 100 urte bete ditu, eta guk orain elkarte modura erabiltzen dugun eraikina da. Urteurrena ospakizun berezi batekin ospatu nahi genuen, eta eskolan ibilitako jendea elkarrizketatuta dokumental bat egin zuen Goikolau Kultur Elkarteak”. Hala, auzotarren bizipenak jasotzen dituen dokumentala ikustera “jende nahikotxo” bertaratu zen, eta auzo elkarteko kideak pozik geratu ziren emanaldiak izan zuen erantzunarekin. Berriatuko Udalak aurreratu duenez, dokumentala ikusteko aukerarik eduki ez dutenek aurrerago edukiko dute ikusteko aukera, Asterrikan nahiz herrian bertan.
Jaiei barikuan [abuztuak 28] eman zieten hasiera. 29. Mus Txapelketan 38 bikotek parte hartu zuten, eta Aingeru eta Enaitz izan ziren irabazleak. Mus txapelketa bertoko musikariek girotu zuten, izan ere, Irai talde ondarrutarra eta Tatarres herriko gaztetxoen taldea igo ziren oholtzara: “Goizaldeko ordu txikiak arte egon ziren kontzertuak, eta ostean, musika jarri genuen. Jende ugari ibili ez bazen ere, giro polita egon zen”.
Eguaztenean, gehiago. Asteburuko jardunaren ostean, San Antolin Egunari begira daude auzotarrak: egun guztiko egitarauaz gozatuko dute eguaztenean [irailak 2]. San Antolingo mezaren ostean, 21. Txapel Jaurtiketa egingo dute, eta jarraian, bazkaritarako elkartuko dira. 18:00etan, ostera, 28. Briska Txapelketa egingo dute, eta 18:30etik aurrera jolasteko aukera edukiko dute umeek.