Augustin Zubikarai nobela sariketako bekara proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute
Urriaren 10era arte egongo da proiektuak aurkezteko aukera, eta epaimahaiak urriaren 31 baino lehen izendatuko du irabazlea.
Euskal kultura aberastea eta idazleen lana bultzatzea helburu duen Augustin Zubikarai nobela sariaren 26. edizioan lanak aurkezteko epea zabaldu dute Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Hala, urriaren 10era arte egongo da zabalik proiektuak aurkezteko epea, eta epaimahaiak jasotako lanak aztertu ondoren 2026ko bekaren irabazlea izendatuko du urriaren 31 baino lehen. Jakinarazi dutenez, irabazleak 8.000 euroko saria irabaziko du Ondarroako Udalaren eskutik.
Zabaldu berri duten deialdira nobelak idazteko proiektuak aurkeztu beharko dira: jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak, eta aurretiaz saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka behin irabazten duena ezingo da berriro aurkeztu.
Urriaren 10era arte izango du parte hartzaile bakoitzak garatu nahi duten proiektua aurkezteko aukera. Ordurako landu nahi duen kontakizunaren azalpena aurkeztu beharko du, bi mila eta sei mila karaktere artekoa, eta egoki iritzitako ezaugarriak zehaztu beharko ditu, besteak beste, argumentua, egitura, luzera eta estiloa. Horrez gain, idazlanaren lagina ere aurkeztu beharko du, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa. Ez du kontakizunaren hasierako zatia izan beharrik, baina bai zati bakarra osatzen duena.
Egileak izen abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefono zenbakia eta nortasun agiriaren kopia eskaneatuta aurkeztu beharko ditu, eta udalak gordeko du informazioa epaimahaiak erabakia hartu arte. Gainera, egileak ezingo du bere nortasuna agerian jarri dezakeen ezer idatzi ez laginean ezta azalpenean ere.
Bekaren eskera Ondarroako Udaletxean aurkeztu beharko da, eta proiektua beharrezko datu eta dokumentazio osagarriarekin batera bidali beharko da udaletxera zein bide telematikoak erabilita -Udal erregistro orokorrean, herritarrentzako arreta zerbitzuan-. Hala ere, internet bidez aurkezteko aukera ere egongo da Ondarroako Udaleko webgunetik.
Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendiguren idazleen osatuko dute aurtengo epaimahaia. Hala ere, aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez daukatela uste badute, beka eman gabe gelditu daitekeela jakinarazi dute. Urriaren 31 baino lehen izendatuko du epaimahaiak irabazlea, eta honek, urtebeteko epea izango du nobela Ondarroako Udalaren esku jartzeko. Liburua osatzeko adina karaktere izan beharko du amaierako lanak: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasieran aurkeztutako proiektua aldatu nahi izanez gero, epaimahaikideei jakinarazi beharko die aldaketaren berri, eta hauen onespena jaso beharko du proiektua aldatzeko. Gainera, egileak lanaren berri eman beharko die antolatzaileek. Baina idazteak lana entregatuko ez balu, edo entregatutako lanaren kalitatea, proiektuan azaldutakoen aldean txarragoa bada, idazleak jasotako dirua itzuli beharko luke.
Bestalde, behin beka irabazita, Ondarroako Udalak 8.000 euroko saria emango dio irabazleari: bekaren diru kopuruaren erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Lanaren jabetza egilearena izango den arren, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez Augustin Zubikarai bekaren aurretik ez eta ondoren ere. Hala, behin nobela bukatu eta editorearen oniritziagaz, hiru hilabeteko epean kaleratuko da nobela, eta bertan Zubikarai saria eta Ondarroako Udala aipatuko dira nahitaez. Idazlana Elkar argitaletxeak argitaratuko du, eta egile eskubideak, ohi bezala, ordainduko dizkio egileari.