Kalejira erraldoian elkartuta eman diote hasiera jaiei
Kuadrillen 39. bajadagaz denetariko mozorroek hartu dituzte Lekeitioko kaleak. Plazan izan da herritarren bilgune, eta Lekeitioko Zinemazaleen txupinazoagaz eta Anteroren jaitsieragaz hasiera ofiziala eman diete San Antolin jaiei.
Txaranga doinuak herriko kale guztietan zabalduz, Kuadrillen 39. Bajadagaz hasi dituzte gaur [irailak 1] Lekeitioko San Antolin jaiak. Aittitta Makurra eta Txirrist txarangen atzetik, kalejira erraldoian batu dira herritarrak, eta urtero errepikatzen diren mozorroak nahiz mozorro originalak atera dituzte kaleetara.
Piratak, medikuak, mojak, apaizak, ume bihurriak, arrainak, marrazki bizidunetako pertsonaiak nahiz beste hamaika mozorro ikusteko aukera egon da. Giro ezin hobean egin dute plazara arteko bidea, eta bertan prest zeuden Lekeitioko Zinemazaleen elkarteko kideak. Herritarrek aukeratuta, aurten eurak izan dira txupinazoa botatzeko arduradunak, eta esker hitzak baino ez dituzte adierazi: “Lehenik eta behin, eskerrik asko gure alde bozkatu duzuen lagun, kuadrilla eta familia guztiei, harro sentiarazten gaitun ohore bat da gaur hemen 800 bazkidetik gora daukan elkartea ordezkatzea. Gure eskerrik beroenak, baita ere, bozketan lehiakide izan ditugun hautagai biei, batez ere, herrian ditugun kultur elkarte eta eragile guztiei, zuen konpromiso eta ahaleginari esker urtean zehar herria bizirik mantentzen duzuelako egitarau interesgarriak antolatuz. Animo eta segi gogor lanean, kultura gabeko herriak nortasun zati bat galtzen du eta”. Hala, txupina bota eta Antero jaisteagaz batera egin dute eztanda sanantolinek.

Lekeitioko Zinemazaleen elkarteko kideak.
Txupinazoagaz batera, Kuadrillen Bajadako sariak ere banatu dituzte. Hala, nagusien saria Iparraldeko Haizeak-ek irabazi du, umeena, Irlako erreskatea taldeak, Kitto merkatari elkarteko saria, Zu bezero babestu KM0 taldeak, eta sari berezia, Atzera tira txaranga taldeak. Txupina botata eta sariak banatuta, Albina Stardust eta Divina Comedia izan dira bajadari amaiera eman eta gaua girotzen hasteko arduradunak, eta sekulako giroa ipini dute plazan. Ostean, suzko zezena, DJ Mikeltxi eta Zirkinik Bez erromeriaren txanda izan da.
Jaietako lehen egunean festak ordu txikiak arte iraungo badu ere, bihar [irailak 2] San Antolin eguna ospatzeko esnatuko dira lekeitiarrak. Goiza tradizioz betetakoa izango da, agintarien prozesioagaz, eta arratsaldean, denetariko ekintzak egongo dira aukeran: Xenki eta Murgi-ri omenaldia, bertso saioa, su artifizialak nahiz Puro Relajo eta Gozategi taldeen kontzertuak.