Berritasunekin datoz aurten Samikolla auzoko jaiak
Samikollako jaiak ospatuko dituzte zapatuan [irailak 5] Mutrikun. Aurten, estreinakoz, Nikolas Txiki jaitsiko da auzora.
Iraila hastearekin batera datoz, urtero legez, Mutrikuko Samikolla auzoko jaiak. Aurten, gainera, zenbait berrikuntza izango dituztela azaldu dute auzoko jai batzordeko kideek, besteak beste, Nikolas Txiki jaitsiko da estreinakoz auzora.
Zapatuan [irailak 5] eta irailaren 10ean [eguena] ospatuko dituzte auzoko jaiak, baina egun handia zapatuan izango dute. Izan ere, 11:00etarako botako dute txupinazoa, eta brindisarekin batera irekiko dute txosna ere. Jarraian, kalejiran batuko dira auzotarrak, Goiko Plazatik Samikollara arte, erraldoi, buruhandi eta txistulariekin batera. “Aurten aldaketak egin ditugu egitarauko ordutegian. Normalean, 13:00etan ematen diogu hasiera jaiari, baina goizetik giro ederra egoten da auzoan. Beraz, giroa aprobetxatzeko, 11:00etan emango diogu aurten hasiera festari, eta ordu horretan botako dugu txupinazoa”.
Puzgarriak ere aurreratu egin dituzte, eta aurten, 12:00etatik aurrera egongo dira. Ostean, aurtengo berritasuna den Nikolas txikiren jaitsiera egingo da. “Orain arte ez dugu jaitsierarik egin, baina aurten, Nikolas Txiki jaitsiko da. Jaiak antolatzeko egin genuen bileretako baten atera zen ideia, eta egia esan, denoi gustatu zitzaigun. Uste dugu polita izan daitekeela pertsonaia bat egotea jaietan, pregoia irakurri eta mezu ezberdinak botatzen dituena. Gainera, gu Samikolla gara, eta gure santua San Nikolas da, baita jaia bera ere. Beraz, horregatik erabaki dugu Nikolas Txikiren jaitsiera egitea, baita jaiaren berezitasuna mantentzeko ere. Gainera, Nikolas Txiki gelditzeko etorri da”. Samikollako Jai Batzordetik adierazi dutenez, sorpresa gehiago egongo dira gauean.
Ohi bezala, eguerdian mahaiaren bueltan batuko dira guztiak, auzo bazkariaz gozatzeko, eta bazkalostean, urteroko tradizioarekin jarraituko dute: bazkalosteko kantuak. “70 lagun inguru batzen gara normalean, ume zein heldu. Aurten ere horrenbeste batuko garela uste dugu”.
Bestelako berrikuntzei dagokienez, aurten zezen txikiak eta pottokak egongo dira berriro. “Debekatuta egon dira azken urteetan, baina legea aldatu denez, berriro ekarriko ditugu. Kostu handia izaten dute normalean, baina jendeari asko gustatzen zaio eta ahalegina egin dugu horretarako”. Hala, 17:00etan egongo dira zezen txikiak eta pottokak, eta 18:30ean karaokea hasiko da: “Bi eskaintzak jai nahi genituen, denen gustuko jaiak izateko”.
Iluntzean auzoa alaituko du Eingo taldeak, kalejirarekin. “Giroa mantentzeko jarri dugu kalejira. Normalean, ordu horretan jendea herrira jaisten da, eta gero gehiago kostatzen da berriro itzultzea. Beraz, giroa mantentzeko asmoz Eingo taldea egongo da. Ondoren, Laket erromeria taldea igoko da oholtzara eta tartean aukera egongo da afaltzeko”.
Aurreikuspen “onak”. Nahiz eta egun berean Lekeitioko Antzar Eguna den, Samikollako auzotarrek aurreikuspen onak egin dituzte zapaturako: “Data jarri genuenean pentsatu genuen Antzar Egunaz. Izan ere, azken urteetan Mutriku eta Ondarroako gazte asko etortzen dira Samikollara, eta nolabait, auzoko jaiak agendan lekua egiten ari dira. Hala ere, berez, Galbaixo jaien aurreko asteburuan izaten dira gure auzoko jaiak, baina aurten, zapatua irailaren 12a izanda, pentsatu genuen herriko tabernek ere probetxua atera nahiko ziotela egunari, eta ez genuen horretan eragin nahi. Beraz, horregatik erabaki genuen aurreko asteburuan egitea. Antzar Eguna izan arren, uste dugu jendea ibiliko dela auzoan”.
Auzotarrak, “gogotsu”. Samikollako Jai Batzordeko kideak “gogotsu” daude jaietarako: “2010 bueltan hiruzpalau gazte hasi ginen jaiak antolatzen, eta nekea igartzen den arren, urtero gazte berriak sartzen dira, eta oso pozik gaude horrekin. Esan dezakegu jai batzordea osasuntsu eta indartsu dagoela. Gainera, auzoko txikienek ere asko laguntzen digute kartelak jartzen edo bestelako zereginetan, eta zer esan nagusiez, beti daude esku bat botatzeko prest. Auzoak oso ondo erantzuten du urtero”. Jai Batzordetik herritarrak animatu nahi dituzte auzoko jaietara: “Urtero legez, jai oso politak izango direla espero dugu. Beraz, animatu zapatuan Samikollara!”.