Isuntzarentzat, bigarren sailkapena jarraian; Ondarroarentzat, iazkoaren ordaina
Isuntza eta Ondarroa seigarren eta zazpigarren sailkatu dira 131. Donostiako Banderaren sailkapen estropadan. 'Lekittarra' eta 'Ama Guadalupekoa', beraz, Kontxan izango dira. Mutrikuk zarratu du gaurko sailkapena, onenen parean arraun eginez.
Argazkia: Iñaki Beitia Gogorra eta kaotikoa. Halakoxea da 131. Donostiako Banderarako sailkapen lehia. Asko izan ohi dira Kontxarako sailkapenerako bidean suertatu ohi diren ezustekoak, baina aurtengoan ez da inondik ere hala izan.
Eusko Label Ligako udako hitzorduetan eman ohi diren estropaden erradiografia izan da gizonezkoen gaurko sailkapen lehia. Sailkapenerako borrokarako bost faboritoek beren hautagaitza berretsi du: Zierbena izan da nagusi, Orio eta Hondarribiaren aurretik; Bermeo-Urdaibai onenak baino koskatxo bat beherago aritu da, baina laugarren postua ziurtatu du; bosgarren postuak Getariaren aldera jo du.
Intentsitatearen olaturik handiena sartu ala ez borrokan egin zuten taldeen artekoa izan da. Alde hartatik, Isuntzak eta Ondarroak lortu dituzte Kontxarako txartelak. Ondarrutarrek San Juanen nahiz Zarautzen lanak hurretik jagon behar izan dituzte, azken arraunkadara arte estu hartu baitituzte gipuzkoarrek.
Lehiarako itsas baldintza egokiak topatu dituzte arraunlariek: 14 kilometro inguruko ipar haizea egin du Kontxako Badian, baina ez da olatu handirik izan. 24 traineruek minuturo heldu diote hiru miliako erlojupeko azterketari. Lehen puntu beroa erdibideko ziaboga izan da.
Galipoek eta Ama Guadalupekoa-k beren kartak bizkor mahaigaineratu dituzte, kronoa 10.09 eta 10.10ean geldituta. Bou Bizkaia-k, iazko sailkapen estropadaren garaileak, 10.15ean ondu ditu lan erdiak, Oriok baino segundo bakarra txarrago; Lekittarra-k eta Antiguako Ama-k 10.22an berdinduta harrapatu dute maniobra. Mutrikuk arazoak eduki ditu ziabogan, aurrekalariak arrauna galdu baitu une batez. Edozelan ere, mutrikuarrentzako eska daitekeen esperientziarik onena izan da onenekin aritu ahal izatea, are gehiago, goitik behera herriko arraunlariz osatutako eskifaia uretaratuta, tartean, debutari birekin.

Poparean, lekeitiarrek beren bertuteak zukutu dituzte: olatuak alde, Isuntzak Bermeoren pareko erregistroa sinatu du. Helmugan ezarritako 20.25,86ko markak bigarren urtez erreskadan arraun denboraldiko agertokirik handienean parte hartze ahalbidetu die; aurretiaz, 1999tik ez ziren aritu Kontxan. Bermeotarrek 20.18,81ean osatu dituzte egitekoak. Hamar segundo gehiago —20.28,74— behar izan dituzte ondarrutarrek.
Bihotz taupadak jaitsi ezinik.
Antiguako Ama-ren patroi Xanet Gimeno arnasari helduta egon da, lanak amaitu ostean ere: Zarautzek eta San Juanek erregistro onak zekartzaten, ondarrutarrei sailkapena zapuzteko bestekoak, baina itzulera luze egin zaie. Gimenok “iazko arantza” atera du: “Iaz, zortzigarren amaituta, arraunlariei zin egin nien aurten helburua lortuko genuela. Duela mende bat Ondarroak Kontxa irabazi zuen, eta aurten onenekin aritzea omenaldi polita da”.

Isuntzaren operazioak zuzentzen dituen Iñaki Goikoetxea Sagua oso hunkituta azaldu da. Iaz ez ezik, 1999ko Kontxan ere aritu zen traineruan lekeitiarra: “Ez dut uste beste 26 urtez hemen egongo naizenik, beraz, lorpenaz gozatzea eta ahalik eta txukunen arraun egitea dagokigu”. Itzuliko lanetan “erreferentziak lagun” izateak “lasaitasun apur bat” eman die, lehen luzeko “sentsazio arraroak” ahazteko. Isuntzaren jomugari dagokionez, zortzigarren postutik gora “jauzitxo bat egitea” izango da.
Bermeo-Urdaibaik bere egitekoa “bete” duela argitu du Asier Zurinaga patroiak: “Pozarren gaude sailkapena lortzearren, geure aurreikuspenak bete ditugu, eta orain prest gaude geure onenak eman eta botak jantzita hiltzeko”.
Domekako [irailak 6] lehen estropadan, Ondarroa lehen txandan ariko da, Donostiarra, Getaria eta Oriorekin; Isuntzari bigarrenean arraun egitea egokituko zaio Antzar Egunaren biharamunean, Bermeo-Urdaibai, Zierbena eta Hondarribiarekin.
Emakumezkoen txanda.
Kontxa bigarren round-aren pentsuan dago. Bihar [irailak 3], 18:00etan, emakumezkoen sailkapen lehiaren txanda izango da. Hautagaia aurten emakumezkoen arraunean kristalezko sabaia apurtu duen Arraun Lagunak da; lehiatutako ligako hamabost banderak altxatu dituzte. Lea-Artibaiko ordezkaritza edukiko du hemeretzi traineruko parte hartzeak: Ondarroa eta Isuntza. Ezustekoen zirrikitua ñimiñoa izan arren, posible da. Hain zuzen, Oriok ligako hemeretzi banderetatik hamasei maisuki irabazi dituen aurten, eta gaur ez du denbora onena lortu.