Ondarroako Udalak herriko taldeentzako dirulaguntza deialdiak argitaratu ditu
Udal ordezkariek agintaldiko "erronka handi" gisa definitu dute argitalpena.
Herriko taldeei bideratutako norgehiagokako dirulaguntza deialdiak argitaratu ditu Ondarroako udalak, 2023, 2024, 2025 eta 2026 urteei dagozkienak. Hala, argitalpen honen aurrean, Urtza Alkorta Arrizabalaga udalerriko alkateak agintaldiko “erronka handienetakoa” gauzatu dutela zehaztu du: “Atzerapen handia zegoen udaletxean herriko taldeei eman beharreko dirulaguntzekin, eta esan genuen egoera irauli eta zuzendu egin behar zela. Eta lortu dugu. Eskerrak eman nahi dizkiet herriko taldeei eta udal teknikariei”.
Dirulaguntza eskatzeko eta justifikatzeko Ondarroako Udalaren webgunean agertzen diren eskaera eta justifikazio orriak bete beharko direla azaldu dute udaletik, dagokion deialdiaren arabera. Hala, 2023, 2024 eta 2025eko dirulaguntzetako eskariak egiteko epea irailaren 30era arte edukiko dute herriko taldeek, eta justifikazioak urriaren 31ra arte. 2026ko eskarien epea berdina izango den arren, justifikazioak 2027ko urtarrilaren 15era arte bidali ahalko dira.