Tradizioz betetako San Antolin eguna
Lekeition udal ordezkariek prozesioa egin dute udaltxetik elizaraino. Aittitta Txiki elkarteak, ostera, tiragoma txapelketa antolatu du, 70 partaide baino gehiagogaz. Parkeko Gunean margotzeko tartea hartu dute umeek. Berriatuko Milloi auzoan ostera, txapel jaurtiketa egin eta auzo bazkarian elkartu dira.
Udaletxetik elizarainoko prozesioa egin dute udal ordezkariek. Urteroko ohiturei jarraituz, San Antolin egunak tradiziozko ekintzak ekarri ditu gaurkoan [irailak 2] Lekeitiora eta Berriatuko Milloi auzora. Goiza lainotuta hasi duten arren, eguerdirako eguzki goxotan elkartu dira Lekeitiora eta Milloira bertaratu direnak; giro lasai eta herrikoia izan da nagusi.
Lekeition atzo [irailak 1] Kuadrillen Bajadagaz eta Anteroren jaitsieragaz eman zieten hasiera jaiei, eta gaur akordeoi jotzaileek esnatu dute herria. 11:15ean, ostera, urteroko agintarien prozesioa egin dute. Hala, Ander Aldazabal herriko alkateak eta udal zinegotziek udaletxetik elizarainoko bidea egin dute, herriko udaltzainekin eta Itxaropena txistulari taldeko kideekin batera.
Urtero hutsik egiten ez duen ekintzetako bat da Tiragoma Txapelketa ere. Aittitta Txikik antolatuta, 25. aldia ospatu dute gaur. Guztira 70 partaide baino gehiago aritu dira nor baino nor gehiago, eta hiru mailatan banatuta lehiatu dute: umeak, lea-artibaitarrak eta Euskal Herriko txapelketa. Umeen mailan Gari Barainka izan da irabazlea, eta Enaitz Usandizagak lortu du bigarren postua. Lea-artibaitarren artean, ostera, Tomas Serrano izan da onena; tiragoma txapelketan hamaika txapel eskuratutakoa da Serrano ondarrutarra. Markos Bernaolak eta Aitor Iglesiasek osatu dute lea-artibaitarren podiuma. Euskal Herriko txapelketan urteroko partaideek ez dute hutsik egin, eta Luis Alfonso Acerorentzat izan da txapela. Bigarren postuan Eneko Markaida geratu da, eta hirugarrenean, Pedro Irastorza iazko txapelduna. Goizeko jarduna amaituta, arratsalderako XVI. Txapel Jaurtiketa antolatu du Aittitta Txiki elkarteak.
Iluntzean, ostera, 1972. urtean Guardia Zibilak hildako Jose Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez de Murgia Murgi hartuko dituzte gogoan, eta omenaldia egingo diete. Jarraian, bertsoez gozatzeko aukera egongo da, urteroko balkoitik balkoirako saioan; Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena eta Xabat Galletebeitia ariko dira bertsotan. Gauean jaiak ez du etenik izango, eta Puro Relajo nahiz Gozategi taldeak igoko dira oholtzara; bi kontzertuen artean su artifizialak eta suzko zezena egongo dira.
Txapel jaurtiketak, nonahi. Berriatuko Milloi auzoko San Antolin jaiei amaiera emango diote gaurko egunagaz. Asteburuko jai giroa pasata, San Antolin Eguna osatu dute gaurkoan. Urteroko tradizioagaz jarraituz, San Antolingo mezan batu dira goizean, eta ostean, 21. Txapel jaurtiketa egin dute. Adi-adi egon dira ume zein nagusi. 39 partaide egon dira guztira txapelketan: 13 ume eta 26 nagusi. Gaztetxoenen txanda izan da lehenengo, eta Xua, Ahetz eta Zuhaitz hirukotea heldu dira finalera. Finalean, ordea, Zuhaitz izan da irabazlea, 10 metro eta 95 zentimetroko jaurtiketagaz. Ondoren, nagusien finala jokatu da. Norgehiagoka estuaren ostean, Aitor izan da irabazlea.