112 ontzik parte hartuko dute Antzar jaian
Iaz baino sei ontzi gehiago arituko dira biharko [irailak 5] Antzar Jokoan. 16:00etan hasiko da lehia, eta 19:00ak arte iraungo du. 11:00etatik aurrera zirkulazioa mugatuko dute.
Biharko [irailak 5] eguna heltzeko gogoz egongo da bat baino gehiago, baina baita urduri ere. Prestakuntza lan ugari eginda, Antzar Egunerako puntu-puntuan jarrita dago dena, eta jendetza bilduko da Lekeition. Hala, ohi bezala, gaur eman dute izena Antzar Jokoan parte hartuko dutenek: guztira 112 potin uretaratuko dira, iaz baino sei gehiago.
Antzar Batzordeak 10:00etan zabaldu du izen ematea, eta 13:00ak arte egon dira martxan. Lekeitio nahiz inguruetako herritarrak joan-etorrian aritu dira izena ematen, eta 112 potinetatik 88 dira lekeitiarrak edo eskualdekoak. 17, ostera, kanpotik etorritako kuadrilenak dira. Horrez gain, Antzar Batzordeak jakinarazi du zazpi kuadrila daudela zigortuta iazko jaian arauren bat urratu zutelako; horietako batzuk lekeitiarrak edo eskualdekoak dira, eta beste batzuk, kanpotarrak. Hala, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete izena eman duten kuadrila guztiei.
Oharrak. Lekeitioko Udalak gogorarazi du zirkulazioa mugatuko dutela bihar, 11:00etatik 20:00etara bitarte. Hala, Eluntzetatik bideratuko dute herri sarrerako zirkulazioa.
Bestalde, EITBk ez du aurten zuzenean emango Antzar Jaia. Horren aurrean, udalak eta Traola ekoiztetxeak zuzenean emango dute jaiaren berri, Youtuberen bitartez. Emisioa bihar 13:00etan hasiko da, eta Antzar Jaiaren programa 15:30etik 19:15era emango dute zuzenean.
HITZAk ere jarraipena egingo dio Antzar Jokoari. Sare sozialetan nahiz webgunean aurkituko duzue horren berri; besteren artean, unean-uneko argazkiak, bideoak eta eguneko kronika egongo dira ikusgai.
Instagram: @hitzaleartibaietamutriku
Facebook: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza
Youtube: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza