ETEetan AA eta zibersegurtasuna sustatzeko dirulaguntzen programak, azarora arte zabalik
ETEek azaroaren 2ra eta 23ra arte eska ditzakete Adimen Artifizialaren eta Zibersegurtasun Industrialaren programetako dirulaguntzak, hurrenez hurren. Jaurlaritzak 28 milioi eurora igo du ETEentzako eraldaketa programa horien aurrekontua: 14 milioi euro bakoitzarentzat.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak datorren azarora bitartean irekita edukiko ditu Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ETEen eraldatze digitala bultzatzeko dirulaguntzen programak. Hain zuzen ere, Adimen Artifizialari dagokion programa hilabete horren 2ra arte irekita egongo da; Zibersegurtasun Industrialarena, ostera, hilaren 23a bitarte.
Eusko Jaurlaritzak 28 milioi eurora arte handitu du Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ETEak digitalizazioaren bidez garatzeko programa horien aurrekontua: 14 milioi euro bideratu dituzte, zerbitzuei eta prozesuei aplikatutako Adimen Artifizialaren proiektuei laguntzeko; beste 14, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako industria zibererasoetatik eta informazio lapurretetatik babesteko, hornitzaile espezializatuen laguntza tarteko.
Orain arteko 22 milioi eurotik 28rako hazkunde ekonomikoa Bizkai, Araba eta Gipuzkoako “industria ezkutuaren neurrien paketearen barruan” kokatzen dela adierazi dute, “Ekialde Ertaineko gatazkak utzi dituen ondorioei” aurre egiteko. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak %51,4 handitu ditu ETEn bai eraldaketarako, bai dibertsifikaziorako dirulaguntzak; 87 milioi euro gehitu dituzte. Guztira, beraz, 277 milioi euro bideratuko dituzte ETEentzako laguntzetara.
Adimen Artifiziala 2026 programa Bizkai, Araba eta Gipuzkoan jarduera zentroa daukaten eta adimen artifiziala beraien “prozesu, produktu edo kudeaketa ereduetan” txertatzen duten industria enpresei eta sektore horrekin lotutako “zerbitzu enpresei” zuzenduta dagoela zehaztu dute. Dirulaguntzak proiektuaren %60ra arte “estali” ahal izango du: enpresa bakoitzak “gehienez 100.000 euro” jaso ahal izango ditu. Hala, “aukera bikaina” da, eraldaketa digitalerako ekimenei “anbizio handiagoz” heltzeko.
Zibersegurtasun Industrialerako Programari dagokionez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako industria sarearen “zibersegurtasuna eta lehiakortasuna” bermatzeko, progamak “itzuli beharrik gabeko laguntzak” eskaintzen ditu, proiektuaren “gastu hautagarrien %60ra arte”, eta “urteko 100.000 eurora arte enpresa bakoitzeko”. Barne segurtasunean laguntzeaz harago, produktuaren “zibersegurtasun proiektuei” ere eragiten diete laguntzok: “Diseinu segurutik edota kodearen berrikuspenetik zifratzeraino, ahultasunen kudeaketaraino eta produktuaren ebaluazio zein ziurtapeneraino.
Programa biek ala biek, Euskadi 2030 Industria Planaren Industria Onenaren Ardatzaren “lehentasun” izanik, “adimen artifiziala eta zibersegurtasuna sustatzeko beharra” adierazten dute. Planaren jomuga IRABAZI, HAZI eta JAUZI izeneko sektore estrategikoak indartzea da, “zibersegurtasunaren eta enpresa erresilientziaren hobekuntza” bultzatuz.