Isparteko XIII. Mendi Martxan izena eman daiteke
Irailaren 20an [domeka] egingo dute mendi martxa, hiru ibilbide desberdinekin. Hilaren 14ra [astelehena] arte prezio murriztuan izena eman izena emateko aukera zabaldu dute.
Gero eta gutxiago falta da ispastertar zein mendizaleek ondo gordeta duten hitzordurako, hilaren 20an egingo baitute Isparteko Mendi Martxaren hamahirugarren aldia. Izen ematea zabalik dago dagoeneko ispaster.eus weborrian zein karteletan ipini duten QR kodearen bitartez.
Irailaren 14a [astelehena] aurretik egiten dutenek prezio murriztua izango dute —14 urterartekoek 10 euro eta gainontzekoek, 15 euro— eta kamiseta jasoko dute. Izena eman edo ez zalantzati daudenak mendi martxaren egunean ere izango dute aukera, irteera baino ordu erdi lehenago. Horiek baina, 2 euro gehiago ordaindu beharko dute izen ematea: 14 urtetik beherakoek 12 euro eta 14 urtetik gorakoek, 17 euro.
Distantzia eta orduak
Irteera aukeratutako ibilbide motaren araberakoa izango da: 23 kilometroko ibilbide luzea egingo dutenek 8:30ean aterako dira; BTT modalitateko 33 kilometroak egingo dituztenak 09:30an eta ibilbide laburrekoak —12, 5 kilometro—, 10:00etan.
Eskumuturrekoa entregatzean parte hartzaile bakoitzarentzat pintxo bat eta edari bat egongo dira.