Andra Mari jaietan bete-betean sartuta
Andra Mari jaiak ospatzen dabiltza Gizaburuagan, Munitibarko Gerrikatzen eta Markina-Xemeingo Erdotzan. Herri zein auzoetan jai giro ederrean dabiltza, txapelketaz, bazkariz eta musikaz betetako egunak ospatzen.
Andra Mari jaiek dute protagonismoa egun hauetan Gizaburuagan, Markina-Xemeinengo Erdotza auzoan eta Munitibarko Gerrikatzen. Gaur [irailak 8] Gizaburuagan eta Erdotzan ospatuko dute Andra Mari Eguna, eta asteburuan, Munitibarko Gerrikaitz auzoaren txanda izango da, barikutik [irailak 11] domekara [irailak 13] arteko etenik gabeko jai giroagaz.
Atzoko [irailak 7] kanpai hotsek eman zieten hasieran andramariei Gizaburuagan, eta gaurko egitarauagaz emango diote jarraipena herritarrek. Gaur, gainera, Andra Mari Eguna ospatuko dute. Tradizioei eutsiz, mezagaz hasi dute eguna 11:00etan, eta ondoren, herriko trikitilari eta pandero joleek alaitu dituzte izkina guztiak. Gutxinaka joan dira herritarrak jai girora batzen, eta trikitilari eta pandero jole laukoteak abesti andana jo du; kantu tradizionaletatik hasi eta gaur egungoetara heldu arte.
Ondoren, urtero legez, txapel jaurtiketan batu dira herritarrak. Guztira 56 lagunek hartu dute parte; lau ume, eta 52 nagusi. Umeen artean bi sari banatu dituzte; lehenengoa, Ekainek lortu du 11,3ko jaurtiketagaz, eta bigarrena, Alaiak, 8,3koagaz. Nagusietan bost izan dira sariagaz etxera bueltatu direnak: Jose Luisek lortu du lehengo postua [19,34]; Unaik bigarrena [18,20]; Arandok hirugarrena [17,83]; Juan Luisek laugarrena [16,06]; eta Izadik bosgarrena [15,10].
Eguerdian bazkaltzeko batu dira, eta ondoren txapelketekin jarraituko dute. Lehenengo Briska txapelketa jokatuko dute nagusiek, eta 19:00etan, Tortilla txapelketaren txanda izango da. Bestalde, umeek ere edukiko dute zertaz gozatu gaurkoan. 18:00etan hasiko dira jolasak, eta gainera, parte hartzaile guztientzako oparia egongo da amaieran.
Markina-Xemeingo Erdotza auzoan ere egon da zertaz gozatu gaurkoan. Andra Mari Eguna ospatzeko mezan batu dira lehenengo auzotarrak, eta jarraian, herriko Zerutxu dantza taldeak dantza erakustaldia egin du. Giro ederrean ibili dira, eta jan-edana ere ziurtatuta eduki dute.
Bihar, azkena. Gizaburuagarrentzat “berezia” den Oibarko ermitan batuko dira bihar [irailak 9] herritarrak, izenak dioen lez, Oibarko Eguna “goi-goitik” ospatzeko. Mezaren ostean, kopauaren ordua izango da, eta gainera, Joseba Urrutiak alaituko du momentua trikitiagaz. Arratsaldean, Mus txapelketa izango dute, eta umeentzako herri kirolak ere egongo dira. Jaiei amaiera emateko, txokolatea egongo da.

Oibarko eliza
Oibarko ermita 1752an berregin zuten eraikina da, barroko estilokoa. Duela gutxi, Gizaburuagako Udalak ermitako teilatua konpondu du, itoginak zeuzkalako. Izan ere, udala eta herritarrentzat garrantzitsua den eraikina da, ondare historikotzat izendatuta dagoena: “Ondarea zaindu eta mantentzea beharrezkoa da”.
Batzuk amaitu, besteak hasi. Gizaburuaga eta Erdotzako jaiak amaituta, barikuan [irailak 11] emango diote hasiera Gerrikaitzeko auzotarrek andramariei. Munitibartarrek Tortilla txapelketarekin hasiko dituzte jaiak bariku iluntzean, eta ondoren, dantzaldia izango dute DJ Kaktusen eskutik. Egunari amaiera emateko, bakailao jana egingo dute 21:00etan.
Zapatuan [irailak 12] “egun handia” ospatuko dute Munitibarren. Eguerdirako batuko dira, Elizpean bazkaltzeko, eta eguna txapelketaz txapelketa pasa ondoren, 20:30ean argazki herrikoia aterako dute plazan. Ondoren, Iratzar erromeria igoko da oholtzara, eta DJ Guzurterak izango dira gauari amaiera emango diotenak.
Domekan [irailak 13] ere egongo da zertaz gozatu. Izan ere, 12:00etan Gerrikaitzeko VI. Harri Jasotze txapelketa egongo da plazan. 18:00etan Zirika Zirkusen eskutik Marietak ikuskizuna egongo da.