Gerrikaitzeko jaiak aurrera eroateko boluntarioak eskatu dituzte
Ate joka daude Munitibarko Gerrikaitz auzoko Andra Mari jaiak, eta antolaketan laguntzeko boluntarioak eskatu dituzte jai batzordetik. Jai herrikoiak aurrera eroateko herritar denen laguntza behar dutela adierazi dute, eta hala, dei egin diete laguntzeko: “Aurten ere Gerrikaitz jai giroz betetzeko garaia heldu da, baina, badakizue, jai herrikoiak herritarrok egiten ditugu. Beraz, guztion laguntza behar dugu. Jaiak herritik eta herriarentzako antolatzen jarraitzeko ezinbesteakoa da herritar guztien inplikazioa.”.
Hala, Munitibarko Udalak sare sozialetan zabaldu du izena emateko galdetegia. Bakoitzak laguntzeko prest dagoen horretan eman beharko du izena, eta jai batzordeko kideak harremanetan jarriko dira izena eman dutenekin txandak antolatzeko.
Irailaren 10ean txosnen muntaia egiteko, irailaren 12ko gauean tarimen desmuntaia egiteko eta irailaren 14ko arratsaldean desmuntai orokorra egiteko beharko dute laguntza. Txosnetan txandaren bat egiteko prest daudenek, ostera, irailaren 11, 12a eta 13a edukiko dituzte aukeran, eta izena emandako jende kopuruaren arabera antolatuko dituzte orduak. Azkenik, gainontzeko lanen artean daude irailaren 11ko tortilla txapelketa (mahaiak jartzea eta desmuntaia), irailaren 12ko herri bazkaria, irailaren 13ko garbitasuna (goizean) eta kopaua.