19 frontoi, 44 txapelketa, 260 partida eta Lauko Final bat
Irailean jokatuko dute, Donostian, Jai Alai Liga erabakiko duen Lauko Finala. Gizonezkoen artean, Aritz Erkiagak, Mikel Mantzisidorrek eta Eñaut Urreistik lortu dute sailkapena; emakumezkoen artean, Elaia Gogenolak, Arai eta Lur Lejardik, Oaia Otañok eta Maia Goikoetxeak.
Argazkiak: Eraman Jai Alai. Donostia izarren hiria da irailean. Kontxak munduko arraunlaririk bizkorrenak eta Zinemaldiak munduko aktorerik puntakoenak bilduko baldin baditu, Carmelo Balda pilotalekuak munduko puntistarik distiratsuenak bilduko ditu. Bertan erabakiko da, bigarren urtez, Jai Alai Ligaren sailkapena. Irailean, ligaren Lauko Finala jokatuko dute, eta bai Busturialdeko, bai Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkaritza bertan egongo da. Iazko urriaz geroztik, 260 partida ofizial lehiatu dituzte, 19 frontoitan eta 44 txapelketatan. Egutegi horretan puntu uztarik oparoena jasotako zortzi pilotariek lortu dute Lauko Finalerako sailkapena, eta hilaren 14, 21 eta 28an neurtuko dituzte indarrak, liga zeintzuek irabaziko.
Gaur [irailak 9] egin dute Lauko Finala, Carmelo Baldan bertan. Bertan egon dira, besteren artean, indarrak neurtuko dituzten puntistak. Xabier Barandika gernika-lumotarra izango da aurtengo aldiaren erakargarri handienetako bat. Lesio batek baldintzatutako denboraldia izanik ere, uda gogoangarria egin du, Gernikako Grand Slama, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak eta Paueko Kopa irabazita; aurrelarien sailkapeneko lehen postuan iritsiko da azken txanpara. Winter Seriesean bikotekide izan eta txapel jantzitako Thibault Basque bidartarragarekin batera jokatuko du Barandikak. Bere hirugarren liga garaipena bilatuko du.
Barandika ez da kantxan ariko den gernika-lumotar bakarra izango: Unai Lekerika ere parte hartzaileen artean dago. Kantxaratu ohi duen erregulartasunak eta sendotasunak atzelarien sailkapeneko hirugarren postura aupatu dute Lekerika, eta bikote sendoa osatuko du uda sasoian lesioek galgatuta ibili den baina aurrelarien sailkapeneko hirugarren postua lortu duen Eñaut Urreisti mutrikuar gaztearekin.
Lea-Artibaiko ordezkaritzari dagokionez, gizonezkoen arteko protagonismoa Ispasterko magoak bereganatuko du: Aritz Erkiagak. Aurrelari beteranoak bere eskarmentua eta aurrealdean erakutsi ohi duen distira baliatuko ditu, Lauko Finala lehiatzeko. Gorka Sorozabal gazteagaz osatuko du bikotea; miarriztarra aurtengo atzelaririk erabakigarrienetakoa izan da aurten, eta sailkapenaren bigarren postua lortu du. Hala Erkiagak, nola Lekerikak liga sailkapenerako Ipar Euskal Herriko azken azterketa puntuagarria, Lekeitio Jai Alai Master Seriesa maisuki irabazi zuten elkarrkein, eta orain elkarren aurka aritzea dagokie.
Gizonezkoen azken bikotea lesioen zalantzekin iritsiko den bere anaia Johanek eta udan maila aparta erakutsita atzelarien sailkapeneko laugarrena izan zen Mikel Mantzisidor mutrikuarrak osatuko dute. Adin aldetik bikoterik gazteena izan arren, biek ala biek sobera frogatu dute zesta-puntaren lehen lerroan daudela, ustez hautagai nagusiak izan ez arren.
Iaz egin zuten estreinakoz emakumezkoen Lauko Finala. Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea berriatuarrak izan ziren historiako lehen garaileak. Biek lortu dute bigarren ekitaldirako sailkapena, eta Gogenolak, gainera, puntu gehien bilduta ekingo dio bigarren gerrikoaren borrokari. Begi gehienak haien zelatan egongo dira, baina parte hartze orokorra goi mailakoa izango da. Hain zuzen, emakumeen liga bidaiak hamar geltoki izan ditu aurten, inoiz baino gehiago; puntista bakoitzak gehienez bost master seriesetako puntuak batu ahal izan ditu, Lauko Finalera sailkatzeko.
Lehia fratrizida.
Lejarditarren etxean egongo da zer ospatu: bai Arai, bai Lur Donostian ariko dira. Lehenengoak, egungo atzelaririk fidagarrienetakoak, Gogenolarekin osatuko du bikotea; bigarrena aurrealdeko koadroetan ariko da Lauko Finaleko estreinaldian, Oaia Otaño mutrikuarrarekin batera. Hori bai, Lauko Finalak ahizpa arteko borrokaren itxura edukiko du, Arairi eta Lurri elkarren aurka jokatzea tokatuko baitzaie.Beste bikote biei dagokienez, bata Maite Ortiz de Mendibil aurrelari andetxarrak eta Frida Watkins atzelari zumaiarrak osatuta egongo da; bestea, Ihart Arakistain sopeloztarrak eta Goikoetxeak eratuko dute.
Gogenolak malgutasunez lortu du ligako aurrelarien sailkapenaren lidergoa, baina bere atzetik gauzak estu egon dira; borroka horretan Lur Lejardi laugarrena izan da. Atzelarien arteko lehian, Arai Lejardik ez du aurrelarien kasuan bezainbesteko arrakalarik lortu sailkapenean, baina Donostiara taularen buruan ailegatzeko gai izan da; Goikoetxea eta Otaño, hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren postuetan sailkatu dira.
Irailaren 14an eta 21ean finalaurrekoen jardunaldiak lehiatuko dituzte, eta 28an izango dira final handiak; saio guztiak 19:00retan hasiko dira, eta ETB1en ikusgai egongo dira, 21:45etik aurrera. Lehendabiziko jardunaldian, Gogenolak eta Arai Lejardik Lur Lejardiren eta Otañoren kontra jokatuko dute lehenik; ondoren, Barandikari eta Basqueri egokituko zaie Johan Sorozabalen eta Mantzisidorren kontra lehiatzea. Hilaren 21ean, Ortiz de Mendibilek eta Fridak zabalduko dute kartelera, Arakistainen eta Goikoetxearen aurkakoarekin; gizonezkoen artean, Erkiaga eta Gorka Sorozabal Urreistiren eta Lekerikaren kontra ariko dira nor baino nor gehiago. Finalerdien garaileek egingo dute final handirako urratsa.
Eraman Jai Alaitik azaldu dutenez, eguneko sarrerez gain, hiru jardunaldiez gozatzeko bonuak ere salgai ipini dituzte, denak beraien webgunean. Bonuek, hain zuzen, 40 euroko prezioa dute, eta egun bakoitzeko sarreren prezioa 15 eurokoa izango da finalaurrekoen kasuan, eta 20 eurokoa finalarenean.