Pedalkadaz pedalkada, ikusgarritasuna helburu
Bixi ekimenak Ondarroatik Bedarona arteko joan-etorria egingo du bizikletan zapatuan [irailak 12]. Fibrosi Kistikoari ikusgarritasuna ematea du helburu ekimenak.
Duela bi urte Bruselatik Ondarroara arteko ibilbidea egin zuten, bizikletaz. Bixi. Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Eguna [irailak 8] izan den honetan, Bixi ekimenak pedalkadaz pedalkada batuko ditu Lea-Artibai eta Busturialdea, Ondarroatik Bedaronara arteko joan-etorria eginez. 09:00etan aterako dira Alamedatik, eta Bedaronaranzko bidea hartuko du pelotoiak. Bueltan, Ondarroako Alde Zaharrean amaituko dute ibilbidea, guztira 42 kilometroko martxa osatuz. Gainera, Alde Zaharrean jan-edana eta musika egongo da. “Nahi duenak parte hartu dezake pelotoian, baita amaierako jaian ere. Mundu guztia dago gonbidatuta. Duela gutxi bizikletako maillotak ere atera genituen, Bixiren sinadurapean, eta arrakasta handia izan zuten; horren harira pentsatu genuen zapatuko ekimena egitea“, azaldu dute Bixi ekimenaren antolatzaileek.
Fibrosi Kistikoari ikusgarritasuna emateko sortu zen Arnasa Elkarteari lotuta dagoen Bixi plataforma. 2023an sortu zen, ekintza solidarioen bidez Fibrosi Kistikoaren inguruko errealitatea zabaldu, babes soziala indartu eta Gipuzkoako Arnasa elkartera laguntza bideratzeko. 2024an Bruselatik Ondarroara arteko ibilbidea egin zuten taldeko kideek, hamahiru etapatan. Helburua, berdina zen: ikusgarritasuna eta laguntza. “Horrez gain, ikusten dugu ikerketa arloa geldirik dagoela azken urteetan, eta administratiboki eta ekonomikoki laguntzak lortzea ere ez dela erreza. Gainera, organo emaileen zerrenda ere geldik dago. Beraz, hori ere bada eskatu eta salatu nahi duguna, egoera ez baita ona”, azaldu dute.
Hala, zapaturako “prest” daude Bixiko kideak, eta aurrera begira ere horrelako ekintzek jarraituko dutela azpimarratu dute: “Bi urtetan publikoki geldik egon arren, ez gara gelditu. Ekintza txikiak egiten jarraituko dugu aurrera Bixi plataformatik”. Herritar guztiak gonbidatu dituzte zapatuan: “Ez dakigu zenbat lagun joango garen pelotoian, baina dei egin nahi diegu herritarrei, 09:00etan Alamedara agertzeko. Bestalde, nahiz eta bizikleta buelta egin ez, nahi duena etorri daiteke eguerdian Alde Zaharrera. Beraz, animatu!”.
Elkartasun martxa. 2024an Bruselatik Ondarroarako ibilbidea egin zuten bizikletan Seber Uribe eta Aitor Agirrek. Uztailaren 24an abiatu ziren Belgikara, eta bertan proiektua aurkeztu ondoren, hamahiru etapako bidea egin zuten Ondarroara, “herriz herri eta herrialdez herrialde aldarrikapenak gizarteratzeko”. Abuztuaren 7an heldu ziren Ondarroara bi lagunak, eta lagun eta senideen artean egin zituzten azken kilometroak. Gainera, bi egunetara, egun guztiko jaia antolatu zuten herrian, urtebeteko prozesuari amaiera emateko.