Aitxe Kutz jaietako kostako buelta herrikoia izango da aurten
Bihar [irailak 11] hasiko dira Berriatuko Aitxe Kutz jaiak eta astelehenera arte denetariko ekitaldiak izango dituzte herrian. Futbola, kostako buelta, duatloia, trikitilariak eta parrillada jaietako nahitaezko jarduerak dira aurten ere.
Berriatuarrek badute zertaz gozatu asteburu honetan; izan ere, Aitxe Kutz jaiak berton ditugu eta bertaratzen direnek jai giro ederra izango dute bihartik [irailak 11] astelehenera [irailak 14]. Antolatutako ekitaldietan denentzako aukera izango da, baina batez ere gazteenei zuzendutako egitaraua izango da. Berritasunak ere ez dira faltako, besteren artean kostako buelta herrikoia izango da aurten.
Alde batetik, urtero bezala kirolari tarte zabala emango diote. Bihar, Aitxe Kutz Txapela jokatuko dute Ibarra Kiroldegian Berriatuko FT eta Mutrikuren artean. Zapatuan berriz, urteroko zitak izango dituzte: 11:30etatik aurrera bizikletan kostari buelta herrikoia emango diote batzuek, eta 16:00etan aringaringa eta bizikletan egiteko aukera izango dute duatloian, besteek.
Aurtengo beste berritasunetako bat aipatutako duatloia goizetik arratsaldera pasatuko dutela izango da eta kostako buelta ostera, arratsaldetik goizera. Kostako bueltaren kasuan, Joseba Goienola alkateak azaldu du orain arte desafio edo proba bat izan dela beti: “Garaikur bat ematen zen eskuz-esku pasatzen zena irabazleen artean, antzinatik datorren zerbait da, baina lehiakortasun kutsua kendu nahi izan diogu”. Herrikoia egiteak sortu daitezkeen arriskuak ekiditea du helburu nagusi, eta udalak denak animatzen ditu parte hartzera.
Musika ere ez da faltako Mirari eta Izarra trikitilarien eskutik: zapatuan 19:30etatik aurrera arratsaldea musikatu eta alaituko dute.
Bestalde, udalak ohar bat zabaldu nahi die herritarrei zapatuari begira: “Kalean bazkaldu nahi duenarentzat, udalean eskatuz gero, mahaiak eta aulkiak jarriko dira”.
EGITARAUA
- Bihar, barikua
- 19:30. Aitxe Kutz Txapela, Ibarra Kiroldegian; Berriatuko FT – Mutriku.
- Etzi, zapatua
- 11:30. Kostari buelta herrikoia bizikletan.
- 16:00. Umeentzako jolasak: Duatloia (aringaringa edo bizikletan)
- Ondoren. Ur-jolasak.
- 19:30. Mirari eta Izarra trikitilariak iluntzea musikatzeko.
- 20:00. Parrillada.
- Astelehena
- 12:00. Meza, Aitxe Kutz ermitan.