Surflarien olatura igotzeko aukera egongo da Karraspion
Artzabal XIII. Surf Eguna hartuko du Karraspio hondartzak zapatuan [irailak 12]. Egun osoko egitarau inklusiboa prestatu dute, ikastaro, txapelketa eta jan edanagaz osatuta.
Karraspio hondartzako olatuen artean ariko dira zapatuan [irailak 12] Mendexako eta inguruetako surflariak. Artzabal Surf Elkarteak antolatuta, XIII. Surf Eguna ospatuko dute goizean hasi eta iluntzera arte, uretako kirolaren zaleek surfa era anitz eta inklusibo baten ulertu eta bizi dezaten.
Denborarik galdu barik, surf ikastaroagaz hasiko dute zapatua. Teknika, oreka eta segurtasun neurriak izango dituzte lantzeko gaien artean, teoriatik hasi eta praktikara eramateko: “Umeekin batera monitoreak izango dira itsasoa irakurtzeari buruzko azalpenak ematen edo olatua hartzeko hartu beharreko jarrerati buruzko argibideak ematen”. Surf egiteko material guztia bertan egongo dela adierazi dute antolatzaileek.
Hazsten elkartea ere egitarauaren parte izango da zapatuan, izan ere, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako surf saioa egingo dute. “Iaz pertsona bat apuntatu zen, eta asko gozatu zuenez, aurten ere eman du izena”. Uretara sartu nahi ez dutenek ere izango dute jaiaren parte izateko aukera. Surf taula mekanikoa ekarriko baitute.
Kirol jardueragaz lotuta dago jan eta edan beharra, hala, parrilada egingo dute energiak birjarri eta surf jaiagaz aurrera egiteko. Janaria amaitu arte egongo dira sukaldari lanetan, eta bertan jan nahi dutenek tiketak erosi beharko dituzte egunean bertan. Parrilaz gozatzen ari direnek, gainera, ur gaineko ikuskizuna izango dute: Expression Session Txapelketa egingo dute olatu artean. Epailerik barik eta askatasun osoz, surflariak dibertitzeko eta hondarretan dauden zaleei ikuskizuna eskaintzeko unea izango dute: “Jendearen arteko harremanak bultzatzea da txapelketa honen helburua. Surf egiten duen jendea batzen da eta helburua taldea sortzea eta ondo pasatzea izaten da”.
Aldarriek ere izango dute lekua Karraspion. Bazkalostean surfeko Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko argazkia ateratzeko elkarteratzea deitu du Artzabal Surf Elkarteak. Astirik galdu barik, surfaren eta skate munduaren arteko mugak lausotu eta skate ikastaroa abiatuko dute.
Zapatu goizetik hasita zozketako eta parriladarako tiketak salgai egongo dira, txosna zabalik egongo da edana ziurtatuta izateko eta denda ere irekita egongo da. Ikastaroetan izena emateko 10:00etatik aurrera egongo da aukera. Iluntzea heldu baino lehen sari banaketa eta zozketa egingo dute. Atseden hartzeko unea ere izango dute surflariek, izan ere, Rock You taldea egongo da arratsaldea musikatzen rock abestien bertsioak abesten.