Bertsolaritza "Euskal Herriko maparen erdigunean" jarriko dute beste behin
Irailaren 19an Hazparnen hasiko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta marka, iruditeria, eszenografia eta sintonia aurkeztu dituzte.
Azpeitian aurkeztu zuten atzo arratsaldean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.Bertsozale Elkartea Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpen jaia egin zuten atzo arratsaldean [irailak 10], Azpeitiako Sanagustin kulturgunean. Bertan elkartu ziren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolatzaileak eta zenbait kultur diziplinetako sortzaileak elkartu ziren.
Txapelketaren marka, iruditeria, eszenografia eta sintonia aurkeztu zituzten. Lumik (Nahia Zubeldia Arozena eta Manu Matthys Dottax) sortu du sintonia. Azaldu zutenez, otsailetik martxora bitartean, lau sormen egonaldi egin dituzte Dinamoa sormen gunean txapelketari irudia, soinua eta forma emateko ardura eduki duten sortzaileek. Kulturaz kooperatibak eskaini die elkartzeko eta lan egiteko espazioa: “Txapelketaren sorkuntza prozesu kolektiboa izan da ekitaldian hizpide. Aurtengo irudia, eszenografia eta sintonia elkarlanean sortu dira, eta bertsolaritza bera ere ariketa kolektiboa dela azpimarratu da. Txapelketa bertsolaritzaren erakusleiho handiena bada ere, bertso plazaren zati bat baino ez da; lau urtean behin, ordea, bertsolaritza Euskal Herriko maparen erdigunean jartzeko aukera eskaintzen du”.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa datorren astean hasiko dute; Hazparnen ekingo diote lehiari, irailaren 19an (zapatua), eta irailaren 27an Lekeition jokatuko dute kanporaketa bat.
Lea-Artibaiko hiru bertsolarik parte hartuko dute: Nerea Ibarzabal Salegik, Xabat Galletebeitia Abaroak eta Aissa Intxausti Aburruzak, eta horiek ere atzoko jaian egon ziren.
Txapelketaren lehenengo saioan ariko da Galletebeitia, irailaren 19an Hazparnen, eta Intxausti urriaren 11ko Aguraingo kanporaketan ariko da. Ibarzabal, ostera, finalerdietan sartuko da txapelketara; urriaren 31n Eibarko finalerdia jokatuko du.
Hain zuzen ere, irailaren 19tik urriaren 11 bitartean osatuko dute lehenengo fasea, eta urriaren 24tik abenduaren 5era bitartean lehiatuko dituzte finalaurrekoak (bi itzulitara izango dira; lehengo itzulian lau saio jokatuko dituzte eta bigarrenean, hiru). Abenduren 20an jokatuko dute finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. Saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus wegunean erosi daitezke.
[IKUSI SAIOEN EGUTEGIA ETA BERTSOLARIAK]
Atzoko agerraldian, Irati Antia Zuaznabar aurtengo txapelketaren iruditeria zuzenean serigrafiatzen ari zen eta Malen Agirre Sarasua finaleko eszenografia margotzen. Bilaka dantza taldekoekin hasi zuten jaia, publiko artetik oholtzara egindako dantzarekin.
Antton Telleria Lopetegi aritu zen gidari lanetan, eta Andoni Egañak Makazagaren bertsoak ere entzun zituzten. Horrez gain, Adarbakarra taldeak Euskal kulturaren kolonoskopia sketcharen zati bat eskaini zuen. Txapelketan zehar lehendakaritza taldea osatuko dutenen izenean, Ainhoa Urien Telletxea, Ander Elortegi Garatea eta Xabi Igoa Eriz igo ziren oholtzara: “Badago bertsolariaren jarduna babestu eta garatzeko premisa nagusia, oholtza gainean errimaz errima hitzak josten dituenari esateko duena adierazi dezala ahalbidetzea. Horixe da Bertsozale Elkarteari dagokiona, egunez egunekoan eta, noski, guretzat mugarri garrantzitsua den txapelketan”.

Argazkia: Bertsozale Elkartea