Hain bereziak diren galbaixoak
Gaur gaueko bertso saioagaz emango diete hasiera Galbaixo jaiei Mutrikun, eta Piñastei Egunean amaituko dira. Ohiturari jarraituz, irailaren 20an Galbaixotarren Eguna ospatuko dute auzoan.
Egun garrantzitsuak bezain bereziak dira Galbaixo jaiak mutrikuarrentzat. Uda jairik jai pasa ondoren, azken eguzki izpiei agur esateko erabili ohi dituzte herritarrek. Gainera, badaukate kutsu «herrikoia», eta horrek, are bereziagoak egiten ditu galbaixoak. Hala, gaurtik eguaztenera bitarte ospatuko dituzte jaiak. Horrez gain, irailaren 20an Galbaixotarren Eguna ospatuko dute. Beraz, ohiturak mantenduz, mutrikuarrak «prest» daude jaietarako: «Ohiturak mantentzen saiatzen gara Galbaixo jaietan: herri kirolak, trikitilariak, bola jokoa… Gainera, Galbaixokoa Mutrikun gelditzen den bola-leku bakarra da, antzina, auzo bakoitzean eta eliza atzean ere bazeuden. Beraz, mantentzearen aldeko apustua egin dugu».
Galbaixo Eguna astelehenean den arren, gaur gaueko bertso saioarekin emango diete hasiera jaiei. Bertso eskolak antolatuta, urteroko hitzordua da Galbaixotako bertso saioa herritarrentzat, eta aurten ere, «punta-puntako» bertsolariak egongo dira Zabiel plazan. 22:30ean hasiko dira bertsotan Maddi Ane Txoperena, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus, eta Unai Belaustegi arduratuko da laukoteari gaiak jartzeaz. Hurrengo egunean, Galbaixo bezperan, urtero legez, Anaiarte Biltokiak antolatutako danborrada egongo da 22:00etan, eta ondoren, Puro Relajo taldea igoko da Beheko Plazako oholtzara.
Aste hasierarekin batera dator aurten Galbaixo Eguna, eta mutrikuarrak Galbaixo ermitara igoko dira goizetik. 10:00etako, 11:00etako eta 12:00etako mezaren ostean, herri kirolek hartuko dute plaza. Izadi Agirre eta Aritz Aranguren Norde harri jasotzaileeketa Aratz Mugertza Mugertza III eta Aitzol Atutxa aizkolariek eskainiko dute erakustaldia. Gainera, egun guztian ibiliko dira Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak ermita inguruak musikaz alaitzen. Gainera, antolatzaileek jakitera eman dutenez, autobusak egongo dira 09:30etik 14:00etara, Txabolin biribilgunetik Galbaixoraino, eta alderantziz. Euro bat balioko du zerbitzuak. «Kiroldegi atzeko bidea egokitua dago Galbaixora oinez igo nahi dutenentzat. Bestalde, ez da gomendatzen kotxez igotzea, aparkaleku faltagatik». 18:00etan Sokamuturra egongo da herrigunean, eta 19:30ean, EinGO taldearekin batera, kalejiran ibiliko dira kalerik kale. Egunari amaiera emateko, 22:00etan, Muxutruk erromeria egongo da Beheko plazan.
Nagusi, gazte zein ume, denentzako jaiak izango dira galbaixoak; batez ere, Galbaixo Txiki Eguna. 10:00etarako Marmitako lehiaketa hasiko dute Beheko Plazan, Txoko Eder elkartearen eskutik, eta 14:00etarako egingo dituzte sari banaketa eta enkantea. Bitartean, umeen parkea egongo da Egaña Gunean, baita Erraldoi eta Buruhandi Konpartsaren eta txistularien kalejira ere. Egun guztian egongo da jai giroa Mutrikun, eta sokamuturra eta Sardina freskue! ikuskizunarekin emango diote amaiera egunari.
Piñastei Egunean, eguaztenean, portura lekualdatuko dira mutrikuarrak. 11:00etan sardina erreak eta jubilatuentzat hamaiketakoa egongo dira, Aizabia Elkartearen eskutik. Gainera, zinga txapelketa ere egongo da 12:00etan, eta umeentzako uretako puzgarriak ere ipiniko dituzte, 11:00etatik 13:00etara. Eguerdian «giro ederrean» batuko dira herritarrak, eta Saka ganadutegiaren eskutik sokamuturra egongo da.
Azkena, auzoan. Irailaren 20an ospatuko dute auzoan Galbaixotarren Eguna. Bertan batuko dira 12:00etarako, eta 13:00etan, Gure Ametsa Dantza Taldeak urteroko emanaldia eskainiko du. Arratsaldean, ume eta gaztetxoentzako jolasak egongo dira, Txantxangorri Aisialdi Taldearen eskutik, eta horren ostean, V. Bola Txapelketa lehiatuko dute, eta Ibiriko pottokak eta zezen txikiak ere izango dira. Aurten, berritasun gisa, zezen txikiak egongo dira berriro: «Azken urteetan ezinezkoa izan da zezenak ekartzea, debekatuta egon direlako. Orain, arau aldaketarekin ekarri ahal dira, baina gauza asko eskatzen dituzte, eta udalaren babesarekin lortu dugu».
EGITARAUA
Gaur, barikua
22:30. Galbaixotako bertso saioa, Zabiel plazan, Bertso Eskolaren eskutik. Maddi Ane Txoperena, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus. Gai jartzailea: Unai Belaustegi.
Etzi, Galbaixo Bezpera
22:00. Danborrada, Anaiarte Biltokiaren eskutik.
Ondoren. Puro Relajo taldea, Beheko Plazan.
Astelehena, Galbaixo Eguna
10:00. Meza, Galbaixoko ermitan.
11:00. Meza, Galbaixoko ermitan.
12:00. Meza Galbaixoko ermitan.
Ondoren. Herri kirol erakustaldia. Harri jasotzaileak: Izadi Agirre eta Aritz Aranguren Norde. Aizkolariak: Aratz Mugertza Mugertza III eta Aitzol Atutxa.
Egun osoan. Trikitilariak:
Ansorregi eta Larrañaga.
18:00. Sokamuturra, Ibiri ganadutegiaren eskutik.
19:30. EinGo taldeagaz kalejira.
22:00. Muxutruk erromeria, Beheko Plazan.
*Galbaixora igotzeko autobus zerbitzua egongo da Txabolin biribilgunetik, 09:30etik 14:00etara. Bidaiaren prezioa euro batekoa izango da.
Martitzena,
Galbaixo Txiki Eguna
10:00. Marmitako lehiaketa, Beheko Plazan, Txoko Eder elkartearen eskutik.
11:30-14.00. Umeentzako
parkea, Egaña Gunean.
11:30. Erraldoi eta Buruhandi Konpartsaren eta txistularien kalejira.
12:30. Pottoken erakustaldia, Goiko Plazan.
13:00. Musika Bandaren kontzertua, Beheko Plazan.
14:00. Marmitako lehiaketa herrikoiaren sari banaketa enkantea, Beheko Plazan.
16:30-19:00. Umeentzako parkea, Egaña Gunean.
18:00. Sokamuturra, Ibiri ganadutegiarekin.
20:00. Sardina freskue! ikuskizuna, Beheko plazan.
Eguaztena, Piñastei Eguna
11:00. Sardina erreak eta jubilatuentzako hamaiketakoa, Aizabiaren eskutik.
11:00. Erraldoi eta Buruhandi Konpartsaren eta Musika Bandaren kalejira, beheko autobus geltoki ingurutik
moilaraino.
Ondoren. Umeentzako jolasak, Aizabia elkartearen eskutik.
11:00-13:00. Uretako puzgarriak, Intxirrixan.
12:00. Zinga txapelketa portuan, Arraun Taldearen eskutik. Adin txikikoek baimena eraman beharko dute.
13:30. Sokamuturra, Saka ganadutegiaren eskutik.
16:00-18:00. Uretako puzgarriak, Intxirrixan.
18:00. Kukaña.
18:30. Sokamuturra, Saka ganadutegiaren eskutik.
Egun osoan. Kayakak umeentzat, Mutriku Arraun Taldearen eskutik.
Irailak 20, Galbaixotarren Eguna
12:00. Meza, hiru auzoetako hildakoen alde.
13:00. Dantza emanaldia, Gure Ametsa taldearen eskutik.
17:00. Umeentzako eta gaztetxoentzako jolasak, Txantxangorri Aisialdi Taldearen eskutik.
17:30. V. Bola txapelketa.
Ondoren. Ibiriko pottokak eta zezen txikiak.
Amaitzeko. Umeentzako txokolatada.
Egun osoan. Laja eta Lutxurdio trikitilarien zuzeneko musika.
*Galbaixo jaien amaieran, errifen zozketa egingo dute.
*Autobus zerbitzua egongo da herrigunetik Galbaixora. Mutriku-Galbaixo: 11:30ean eta 16:30ean. Galbaixo-Mutriku: 14:30ean eta 19:30ean.