Eguraldi ona lagun, jendetza batu da Ispasterko Nekazal Azokan
Lehen sektoreko hamabost ekoizle eta hamalau artisauk bete dute azoka, horietako batzuk, bertokoak. Giro ederrean, jendetza bertaratu da Ispasterrera.
Urteroko hitzordua izan dute ispastertarrek gaurkoan [irailak 12]. Goizeko eguzki izpiek berotu dute herriko plaza eta inguruak, eta gutxina-gutxinaka ekoizle eta artisau bakoitza beren postuan muntatzen hasi dira. 11:00etako ireki dute Nekazal Azoka, eta goizetik jendetza ibili da alde batetik bestera, postu bakoitzean geldialdia egin eta produktuak dastatu, ikusi eta erosten.

Taloek ere arrakasta izan dute gaurkoan; izan ere, bertaratuak ez dira etxera itzuli taloa dastatu barik, eta ilara luzeak egon dira postuaren aurrean. Taloez gain, Markina-Xemeingo Ateun haragitegiak ere pintxoak banatu ditu: txorizoa, urdaiazpikoa, hanburgesa eta solomoa aukeran. Herriko plaza hartu dute zenbait ekoizlek, eta frontoia beste horrenbestek.
Ekoizleen artean, Baskaran esnekien postua ere egon da, eta bertako Bidane Baskaran markina-xemeindarrak herri txikietako azoken garrantzia azpimarratu du: “Urte asko pasa dira lehen aldiz etorri ginenetik, eta egia esan, plaza polita izaten da urtero. Gaur ere oso ondo doaz salmentak. Askotan, herri txikietako azoketan gehiago saltzen dugu, jendea horretara datorrelako”.
Bestalde, ekoizleez gain, “pozik” agertu dira artisauak ere. Hirugarren urtea da aurtengoa Magukaz markaren atzean dagoen Mirari Azkune Kaltzakorta etxebarritarrarentzat, eta aitortu du, “etxean bezala” sentitzen dela Ispasterren: “Hirugarren urtea da aurtengoa, eta pozik etortzen naiz Ispasterrera. Izan ere, trikiti eta panderoko klaseak ematen ditut hemen, beraz, etxean bezala sentitzen naiz”. Gaurkoan, salmentak ere ondo joan direla azpimarratu du: “Saldu dut zertxobait, eta enkargu batzuk ere egin dizkidate”. Ibon Elorri ilustratzailerentzat, ordea, lehenengo urtea da aurtengoa, baina errepikatzeko asmoagaz bueltatu da etxera: “Lehen urtea den arren, errepikatzea gustatuko litzaidake. Giro oso ona dago eta jende asko dabil alde batetik bestera”. Ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa da Elorri, eta Euskal Herriko kulturan eta mitologian inspiratutako ilustrazio proiektuak egiten ditu. Aipatutakoez gain, artisauen artean ez du hutsik egin Miguel Angel Arriaga berriztarrak. Zesta puntako saskiak egiten ditu Arriagak, eta momentuan bertan ere, horretan ibili da, inguruko jendearen interesa piztuz. Interes bera piztu dute herriko plaza eta frontoiaren artean lanean egon diren Lekeitioko Bolillerek ere. Zuzenean eskuekin lanean aritu dira jaima azpian zeuden sei emakumeak.

Ispasterko zein Bedaronako animaliak ere egon dira azokan. Txakurrak, behiak, zaldiak, ahuntzak eta ponyak egon dira, eta betez ere, umeen arreta eurenganatu dute animaliek. Antolatzaileek adierazi dutenez, animalia gehienak izan dira Ispasterkoak, eta behiak Bedaronatik eraman dituzte.