Ondarroatik Bedaronaranzko bidea hasi du Bixi ekimenak
09:00etan atera da pelotoia Ondarroako Alamedatik Bedaronara. Joan-etorria egingo dute bizikletaz, eta Alde Zaharrean emango diote amaiera Fibrosi Kistikoaren aldeko elkartasun martxari.
Fibrosi Kistikoari ikusgarritasuna ematea helburu, Bixi plataformak bizikleta martxa antolatu du gaurkoan [irailak 12]. 09:00etan batu dira txirrindulariak Ondarroako Alamedan; antolatzaileen azalpenak entzun, eta guztiek batera argazkia atera ondoren, Bedaronaranzko noranzkoa hartu dute. Arnasa Elkarteari lotutako plataformaren helburua Fibrosi Kistikoari ikusgarritasuna ematea den arren, azken urteetako egoera mahaigaineratzea ere bada ekimenaren helburua: “Ikerketa arloa geldirik dago azken urteetan, eta administratiboki eta ekonomikoki laguntzak lortzea ere ez da erreza. Gainera, organo emaileen zerrenda ere geldirik dago. Beraz, hori ere bada eskatu eta salatu nahi duguna, egoera ez baita ona”.

Bixi plataformako maillota jantzita, 70 lagun inguruko pelotoian joan dira Busturialderantz elkartasun keinua zabaltzera; Lekeition egingo dute geldialdia lehenengo geldialdia, eta Bedaronan bigarrena. Bertan, guztiak berriro batu, eta indarrak hartu ondoren, Ondarroara itzuliko dira, 42 kilometroko joan-etorria osatuz.
12:30ean iritsiko dira, gutxi gorabehera, Ondarroako Alde Zaharrera. Bertan, elkartasun martxa egin dutenei harrera egin ondoren, jan-edanerako tartea egongo da, guztien artean Fibrosi Kistikoa pairatzen duten pertsona eta beren familiei elkartasun keinu erraldoia helaraziz.
