Gerrikaizko auzotarrek ez zuten hutsik egin Andra Mari jaietan
Eguraldia lagun, bertako zein ingurukoak gerturatu dira txapelketa, herri bazkari eta bestelakoez gozatzeko. Herri bazkarira, esaterako, 173 lagun apuntatu ziren, inoiz baino gehiago.
Gerrikaizko Andra Marietako asteburua jai giro ederrean ospatu zuten auzotar zein bertaratu zirenek. Ane Enbeita udal zinegotziak hitz onak besterik ez ditu aurtengo jaiak deskribatzeko: “Oso ondo joan dira, eguraldi ederragaz giro ezin hobea sortu zen”.
Orokorrean, aurreikusitako emaitza izan dute asteburuan eta Gerrikaitz auzo bat izateko herrikoek eta ingurukoek oso ondo erantzuten dute bertako jaietan: “Uda amaieran izan arren gogotsu hartzen diren jaiak dira, askorentzako Munitibarko jairik politenak”.
Barikutik hasi eta domekaraino, jaiez gozatzeko egitarau zabala izan dute denek: txapelketak, kirolak, musika, dantza eta jana. Barikuko tortila txapelketan esaterako, parte hartzea ez zen nahi bezain ona izan zortzi tortilarekin, baina txapelketak arrakasta handiegia izan ez arren, Enbeita honen ingurua sortu zen giroaren testigu izan zen eta plaza jendez bete-betea egon zen. Ondoren, gainera, batzuek bakailao jana egiten zuten bitartean, besteek dantzaldia izan zuten DJ Kaktusen eskutik.
Barikuko tortilen jan herrikoitik, zapatuan herri bazkarira jo zuten Gerrikaitzko auzotarrek bertako elizpean. Urtetik urtera gero eta jende gehiago apuntatzen da eta, Enbeitaren berbetan, nahiz eta leku txikia eduki horretarako, denentzako lekua egiten dute. Aurtengo honetan guztira 173 lagun apuntatu dira, hamairu kuadrillatan. Herri bazkarian sabela ondo beteta, arratsaldean mus eta briska txapelketak antolatu zituzten, karta jokoen zaleak direnentzako hutsik egin ezineko zita. Mus txapelketara 29 bikote aurkeztu ziren eta briska txapelketara berriz, hogei.
Txapelketek aurrera egiten zuten bitartean, umeentzako apar jaia izan zuten Bengolan. Iratzar erromeriarekin eta Guzurterak DJ-ekin eman zioten amaiera egunari.
Domekan, mutil eta nesken VI. Harri Jasotze Txapelketa egin zen eta Inhar Urruzuno eta Ane Atxutegi izan ziren txapeldunak. Egunari eta Andra Mariei amaiera Zirika Zirkusen “Marietak” ikuskizunak eman zion auzoko plazan.