Mila oroitzapen sortu dituen Kontxako Bandera
Arraun Lagunakek bere bosgarren Kontxako Bandera lortu zuen atzo. Oriok orain arteko nagusitasuna berretsi eta 131. Kontxako Bandera astindu zuen Donostian, horien 34.a izan zena. Lekittarra eta Ondarroa zazpigarren eta zortzigarren postuetan geratu ziren.
Ondarroako zaleek euren babes osoa erakutsi zien arraunlariei.Bermeo Arraun Argazkiak Lekittarra eta Ondarroa zazpigarren eta zortzigarren postuetan geratu ziren atzo [iraialak 13] 131. Kontxako Banderan. Arraun Lagunakek eta Oriok ez zuten ezustekoetarako lekurik utzi, eta aurreikuspenek irudikatu bezala, Nagore Osoro ondarrutarrak gidatutako traineruak eta San Nikolaseko eskifaiak Kontxako Bandera lau haizetara astindu zuten Donostia leporaino bete zuten zaleen aurrean. Mar Larrea, Nagore Osoro, Nerea Agirrezabal eta Aitzol Elu ondarrutarrek eta Jule Arkotxa lekeitiarrak goi-goitik ospatu zuten euren taldeen garaipena.
Gizonezkoen lehen txandan aritu ziren Lekittarra eta Ondarroa erdiko bi kaleetatik. Parez pare irten ziren Lea-Artibaiko traineruak, hala ere, Ondarroak aurrea hartu zien lekeitiarrei lehen metroetan. Bou Bizkaiagaz berdinduta egin zituen Antiguako Amak lehen sei minutuak. Irteera sendoa egin zuten ondarrutarrek, hala ere, bermeotarrek euren indarra agerian utzi eta aldea handitzen hasi ziren. Ondarroak gero eta hurbilago zuen Getaria, ziabogako biraketa arinari esker, aurrea hartu zuten gipuzkoarrek. Lekittarrak atzetik egin zuen lehen luze guztia, hala ere, bigarren luzean distantziak txikitzen hasteko besteko indarra erakutsi zuten, eta bazirudien Antiguako Ama gero eta hurbilago ikusten zutela. Lekeitiarrek hortzak estutu zituzten orduan, eta metro luzez berdinduta egon baziren ere, Ondarroa atzean uztea lortu zuten. Bermeo-Urdaibaik estropada txukuna egin eta txandako lehena izatea lortu zuen (19.48,54). Getariak amaitu zuen estropada bigarren (20.00,28), eta Lekittarrak, hirugarren (20.06,40). Azken metroak urduritasunez bizi zituzten Lekeition; lehen jardunaldian seigarren postua lortu zuten lekeitiarrek, Getaria sei segundoko aldeagaz atzean utzita. Domekan, baina, Getariak alde bera atera zien, sailkapen orokorra ustez berdinduta utziz. Azkenean, sei hamarreneko aldeak Getariari eman zion seigarren postua. Ondarroak bi segundo gehiago behar izan zituen, eta egindakoagaz azken postuan geratu zen Antiguako Ama (20.08,98).

Lekittarra, Donostiako arrapalan.Bermeo Arraun Argazkiak
Bigarren txandan lehiatu zuten bandera irabazteko hautagai nagusiek. Oriok bere nagusitasuna berretsi zuen domekan, estropada 19.35,96ko denboran osatuta, ia hamalau segundora utzi zuen Donostiarra. Hondarribiak hirugarren postua eskuratu zuen (19.51,90), eta laugarrena Zierbenak (19.55,96).
Hibaika, Orio, Donostiarra eta Zarautz izan ziren domekako jardunaldiari hasiera eman zioten traineruak. Hibaika izan zen lehen txandako onena (10.49,70), eta Donostiarra eta Orioren estropada berdindu baten ostean, etxekoak izan ziren txandako bigarrenak (10.59,26), San Nikolas segundo bat baino gutxiagoko aldeagaz atzean utziz (10.59,60). Zarautz izan zen azkena (11.01,28). Bigarren txandako traineruak hasteagaz batera urduritasunek gora egin zuten badian, izan ere, onenen arteko lehia izan zen Arraun Lagunak, Astillero, Tolosaldea eta San Juanek eskaini zutena. Arraun Lagunakek ez zuen estropada osorik egin behar izan eskifaiaren maila ikaragarria erakusteko; irteera ikusgarria eta lehen metro gaindiezinak egin zituzten, astinduko zuten Kontxako Banderaren aurrekari garbi izango zirenak. 10.31,32ko denboragaz bete zituzten lanak donostiako arraunlariek; bigarren egin zuen San Juanek (10.41,82), eta Tolosaldeak lortu zuen hirugarren postua (10.46,68) Astilleroren aurretik (10,48.04). Hala, Arraun Lagunak izan zen, San Juan 21,04 segundora utzita, sailkapen nagusiko buru eta 31. Kontxako Banderaren irabazle.

Nagore Osoro eta Gorka Aranberri, Kontxako banderak astintzen.Bermeo Arraun Argazkiak