Parte hartze eta eguraldi ezin hobea izan dituzte Aitxe Kutz jaietan
Parte hartze handia izan zuten bai kostako buelta herrikoiak eta baita umeen ekintzek ere. Omenaldiek ere izan zuten bere lekua jaietan, futbol taldeko lau jokalariri eta Xabat Bilbatua Galdosi.
Eguraldi ezin hobeak lagunduta, asteburu ederra igaro dute Berriatuan Aitxe Kutz jaien inguruan. Barikutik astelehenera bitartean, hainbat ekintzataz gozatzeko aukera izan dute herritarrek.
Joseba Goienola alkateari ere aho zapore ona gelditu zaio jaien amaieran: “Jaiak oso ondo joan dira asteburuan, giroak ere asko lagundu du, jendearen parte hartzea handia izan da eta ezustekorik gabe”.
Barikuan hasi ziren jaiak Aitxe Kutz txapelaren baitan, Berriatuko FT eta Mutrikuren arteko futbol partiduarekin eta aurten Mutrikuk irabazi du. Partiduaren bueltan, herriko futbol taldean hainbeste urtez ibili diren lau jokalariri omenaldia egin zien klubak.
Zapatuan kuadrillen arteko kostari buelta herrikoiagaz hasi zuten eguna. 40 partehartzaile inguru izan ziren, iaz baino gehiago, eta Goienolaren esanetan, aurreko urteetan zuen lehiakortasun kutsua kentzea lortu zuten, giro herrikoia eta polita izan zen. Eguerdi ostean umeen txanda izan zen, lehenengo duatloiari eman zitzaion paso, urtero bezala parte hartze handia izan zuten eta aringarina eta bizikletan aritu ziren. Giro ederrean jarraitu zuten ondoren ur jolasegaz, txirrista batetik eta ura bestetik, gozatu ederra hartu zuten gaztetxoek.
Giroari eutsiz, Mirari eta Izarra trikitilariek musika jarri zioten arratsaldeari. Tartean Xabat Bilbatua Galdos oroitu zuten, iaz jaietan bertan hil zen herritarra, minutu bateko isilunea egin zuten bere omenez. Eguna amaitzeko, urteroko parrillada egin zuten herri guztiarentzako Goixalde Elkarte Gastronomikoaren laguntzaz. Goienola pozik agertu da: “Asteburu polita joan da jai giro politean”.
Gaur bukatuko dira jaiak eguerdiko 12:00etako mezarekin Aitxe Kutz ermitan.