Galbaixo Txiki eguna ere ez da atzean geratu
Ume, gazte zein nagusi, guztien gozamenerako egitarau zabala daukate gaurkoan [irailak 15] mutrikuarrek. Hala ere, Galbaixo Txiki egunean, txikienek hartu dute protagonismoa. Jon Landak irabazi du Marmitako Lehiaketa.
Galbaixo eguna “goi-goitik” ospatu ostean, Galbaixo Txiki egunean murgildu dira gaurkoan [irailak 15] mutrikuarrak. Herriko txikienak ere protagonista bihurtuta, 11:30ean ireki dute Umeen parkea Egaña gunean, eta nagusiak, 10:00etarako hasi dira Txoko Eder elkarteak antolatzen duen Marmitako Lehiaketako prestaketa lanekin.
Gainera, gaurkoan ere, erraldoi, buruhandi eta txistulariek kaleak hartu dituzte, herriko txokoak kalejiran zeharkatuz, eta ondoren, pottoken gainean ibiltzeko aukera izan dute umeek, Goiko Plazan. Irribarrea ahoan, plaza erdian hesiekin sortutako biribilean bueltaka aritu dira, astiro-astiro.
13:00etan, puntu-puntuan hasi da Mutrikuko Bandaren kontzertua Beheko Plazan, eta herritarrek txalo zaparradarekin erantzun diote musikarien agurrari. Oholtza azpia betetako aulkiez inguratuta, adi egon dira entzuleak. Kanta tradizionalez gain, gaur egungoak ere jo dituzte. Bitartean, Marmitako Lehiaketako partaideek amaierako ukitua eman diote prestatutako platerrari. Epaileek dastatu bitartean jarraitu du musika bandak abestiak jotzen, eta 14:00etan ekin diote sari banaketa eta enkanteari.

Hamasei taldek parte hartu dute lehiaketan, eta antolatzaileek esan dutenez, geroz eta gehiago dira gazteak: “Pozgarri da geroz eta gazte gehiago marmitakoa egiten ikustea”. Jon Landaren taldeak irabazi du Marmitako Lehiaketa; bigarren saria Anaiarte Elkartearentzat izan da, eta hirugarrena, Feli Sololuzerentzat. Enkantean 130 euroren truke erosi dute herritarrek lehenengo hiru sarituen marmitakoa. Laugarren saria Nagore Lizardiren taldeak eskuratu du; bosgarrena Xabi Urreistirenak, eta seigarrena, berriz, Maren Alkortarenak.

Mamitakoarekin tripak bete ondoren jai giroan jarraituko dute Mutrikun. Umeen parkea 16:30ean irekiko da, eta 18:00etan sokamuturra hasiko da Ibiri ganadutegiaren eskutik. Amaitzeko, Sardina freskue! umeentzako ikuskizuna egongo da Beheko Plazan.
Bihar, Piñastei. Mutrikuarrentzat hain berezia da Piñastei eguna ospatuko dute bihar [irailak 16]. Mahonezko alkandora eta arrantzale zapia soinean, portuan batuko dira herritarrak. Denetarik izango dute bihar; besteak beste, sardina erreak, kalejira, uretako puzgarriak, zinga txapelketa eta kukaña.