Sortzaileek Durangoko Azokako egitaraua osatzeko proposamenak aurkeztu ditzakete
Urriaren 5a [astelehena] izango da abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo den Durangoko Azokaren guneetako programazioan parte hartzeko proposamenak aurkezteko epemuga. DA!PRO, Zu Non, Han DA! eta Ikasle Goiza egitasmoek ere zabalik dute izen ematea.
Durangoko Azokaren 61. edizioaren egitaraua euskal kulturaren arloko sortzaileen ekarpenak jasoz osatuko da aurten ere. Dagoeneko zabalik dago abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo den azokaren guneetako programazioan parte hartzeko proposamenak aurkezteko epea, eta euskal sortzaileek urriaren 5era arte [astelehena] izango dute horretarako aukera, durangokoazoka.eus atariko izen-emateak atalean.
Azoka osatuko duten gune ezberdinetan “hainbat diziplinatako artista eta sortzailek” beraien azken proiektuak aurkezteko aukera izango dute: “2026an euskaraz kaleratutako lanak edo euskal kulturarekin lotutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, gune bakoitzaren ezaugarrien eta programazio-ildoien arabera”, argitu dute antolakuntzatik.
Zortzi gune.
Azokaren programazioa zortzi gune ezberdinetan antolatuko da aurten ere. Izan ere, Ahotsenea gunean liburu eta diskoak aurkeztuko dira eta, Talaian, berriz, “literaturaz aparteko lan eta proposamenak”, euskarazkoak zein Euskal Herriari “zuzenean eragiten” dioten gaien ingurukoan. Bestetik, Atartean ilustratzaileen lanekin erakusketa osatzea aurreikusten dute: “Artistek urteko nobedadeetan argitaratutako irudiak erakutsiko dituzte, eta beslako irudien bidez euren lana ezagutzera emateko aukera izango dute”, nabarmendu dute.
Berbagailua guneari dagokionez, euskarazko bideo-podcastak eskainiko dituzte. Bideo-podcasten sorkutzan diharduen edozein egile, hedabide edo plataformak eman dezake izana, “deialdi irekia” baita. Bestetik, ikus-entzunezko lanen proiekzioak —film laburrak, dokumentalak, egitasmoen aurkezopenak…— ikusteko aukera egongo da Irudienean.
Haurrei zuzendutako eskaintza, bai literatura bai musika, Saguganbaran landuko dira, “ikuskizun, kontaketa eta aurkezpn formatuen bidez”. Szenatokia gunean ere ondo pasatzeko aukera edukiko dute, “pieza laburren” bidez dantza, antzerkia eta bakarrizketak egongo baitira ikusgai.
Horrez gain, teknologia berriek ere beraien tokia izango dute Durangoko Azokan. Kabia izango da gai horiei lotutako hitzaldi, joko, tailer eta bestelako proposamenak ezagutu gura dituztenen topaleku.
Azoka aurreko topaketak.
Durangoko Azokak “kulturaren jaialdiaz gozatzeko elkargune” izan nahi du beste urte batez eta, horregatik, abenduaren 4ko ateen irekiera aurretik ere “sortzaileentzako hainbat plaza eta topaketa” hartuko ditu, esaterako, DA! PRO topaketa. Musikariei eta haurrentzako ikuskizunak lantzen dituzten sortzaileei “euren lanak programatzaileen aurrean aurkezteko aukera eskaintzea” helburu duen jardunaldiak azaroan egingo dira —24an haurren ikuskizunei begirakoa eta 26an museikari eskainitako—, eta urriaren 13ra bitartean [martitzena] izena eman daiteke.
Azoka aurretik garatuko da Zu Non, Han DA! egitasmoa ere: Euskal Herriko liburu-denda ezberdinetan liburu aurkezpenak egingo dira eta sortzaileek zein liburu-dendariek parte hartu dezakete. Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 5a da eta, prozedurari dagokionez, liburu dendetako arduradunek webguneko izen-emateak atalean egin beharko dute; sortzaileek, berriz, Intraneta atalera jo beharko dute.
Bestalde, azokaren antolakuntzatik gogoratu dute aurten ere Ikasle Goiza programazioaren parte izango dela: “Abenduaren 4an, ikastetxeetako ikasle eta irakasleek azokaz eta horretarako prestatutako jarduerez gozatzeko aukera izango dute”. Tailerretan aurretiaz izena eman beharko bada ere, epea “luzeagoa” izango dela iragarri dute. Edonola ere, ikastetxeek urriaren 9a [barikua] da eskaerak aurkezteko epemuga.