Bizkaibus linea berria estreinatuko da Lekeitiotik Usansoloko Ospitalera
Zerbitzua astelehenean [irailak 21] jarriko dute martxan eta lanegunetan lau irteera izango ditu noranzko bakoitzean. Ispasterko BI-2238 errepidetik pasatuko da.
Irailaren 21etik aurrera, Lea-Artibai eta Busturialdeko herritarrek autobus linea berri bat izango dute aukeran Usansoloko Ospitalera joan ahal izateko. Bizkaibus zerbitzuak ibilbide berria jarriko du martxan A3538 zenbakiagaz, Lekeitiotik Usansoloko Ospitaleraino joan-etorriak egingo ditu eta bi eskualdeetatik igaroko da.
Zerbitzua asteko lanegunetan (astelehenetik barikura) egongo da martxan, eta egunero joaneko lau autobus eta bueltako beste lau egongo dira. Horretaz gain, beste irteera gehigarri bat ere izango da Gernika eta ospitalearen artean bi noranzkoetan.
- Irteerak Lekeitiotik: 7:15 – 10:15 – 15:15 – 18:18
- Irteerak Ospitaletik: 8:35 – 13:35 – 16:35 – 19:35
- Gehigarria Gernikatik: 13:00
- Gehigarria Ospitaletik: 11:35
Irteera Lekeitiotik hartuta, Lea-Artibain Lekeitio eta Ispaster hartuko ditu autobusak, berritasun aipagarri batekin, Ispasterko BI-2238 errepidetik pasatuko da, herrigunetik pasatu beharrean. Lekeition Larrotegi geltokitik irtengo da eta zuzenean Ispasterrera sartuko da Gardatako eta Zatikako geralekuak hartuz. Hortik ispastertarrek “Goierri” izenez ezagutzen diren auzoetatik igarotzen den errepidea hartuko du eta Solarte, Gallete, Soloaran eta Barainka auzoetan geralekua izango du.
Ispastertik Busturialdean sartu eta Ereñoko Atxosten geralekua izango du, handik Gautegiz Arteagara jaisteko. Gautegiz Arteagan Muruetagane, Zelaieta (Arteaga), Herriko Enparantza 25 eta Errekalden izango ditu geralekuak. Kortezubiren kasuan, Elejalde, Idokiliz eta Barrutia hartuko ditu, handik Gernikara sartzeko. Gernikara gutxi gorabehera puntuan helduko da eta Lorategietatik eta Errenteriatik pasatu eta Carlos Gangoiti (Villa Argentina) izango du azken geralekua, ez da geltoki nagusitik pasatuko. Muxikan sartzean, Arana (Seat), Kurtzero (Geltokia), Astelarra, Ariatza, Oka eta Zugastietako geralekuak hartuko ditu, handik Zornotzako Boroan autopista bidez zuzenean Ospitalera helduko da. Usansolotik irteera hartuta geraleku berak izango ditu Lekeitiora.
Irteera gehigarriari dagokionez, Gernikan Geltokia izango du abiapuntu zein helmuga, eta Saraspe plaza eta Lurgorri izango ditu geraleku. Muxika eta ospitalearen artean ohiko zerbitzuaren ibilbide bera izango du.