Gym Berdeak uda osteko lehen uzta batu du Berriatuan
Ortuari eta frutak batu eta udal konpostagailua txukundu dute. Lantegi Batuak-eko taldearekin aritu dira.
Gym Berdea ekimenak uda osteko eta ikasturteko lehenengo jardunaldia izan zuen astelehen honetan Berriatuan. Ekimen honek ohitura osasuntsuak, ongizate pertsonala, talde lana eta jasangarritasuna ditu oinarri eta hainbat jarduera egiten dituzte urtean zehar oruariak lantzen eta batzen.
Uda ostean bertako lanak berrartu eta dena txukuntzea izan zuten helburu. Udal konpostagailua, adibidez, guztiz lehortuta aurkitu zuten eta honi buelta eman, txukundu eta hezetu egin zuten. Lanek ere bere fruituak izaten ditu, eta barazki eta fruitu batzuk biltzea ere lortu zuten, besteren artean, piperrak, tomateak, zerbak, marrubiak eta masustaren batzuk.
Lekak ere landuta zituzten eta uztaren batzeko esperoan bazeuden ere, Gym Berdeako dinamizatzaileek azaldu zigutenez, nahi baino gutxiago batu zuten: “Lekak atera genituen, baina abuztuaren amaieran izan zen txingor ekaitzak dena hondatu zuen eta hortik gauza batzuk berreskuratu ahal izan zituzten eta beste batzuk, adibidez bainak, ez ziren ondo suspertu”. Hala ere, lana gogoz egin zuten. Alde batetik, landaketa berriak egin zituzten, esaterako porruak eta tipulinak sartu zituzten. Eta bestetik, konpostagailuaren inguruak zerratu eta garbitu zituzten eta belarra ere batu zuten. Antolatzaileen hitzetan, taldearen asmoa zonalde hori txukun mantentzea da.
Ezusteko polit bat ere izan zuten bertaratu zirenean. Izan ere, Lantegi Batuak-eko taldea topatu zuten bertan eta bi taldeak aritu ziren lanean, bakoitza bere zereginetan baina baita elkar hartuta ere.
Antolatzaileak oso kontentu daude proiektuan duten berritasun honekin, pausu garrantzitsua dela ikusten dute: “Iaz Lantegi Batuak-eko talde bat etortzen hasi zen eta oso ondo joan izan da, sektore berri bat integratzea ahalbidetzen baitigu. Proiektuan helburu sozial indartsu bat ematen digu. Gainera, eskolako gaztetxoekin batera nahastuta lan egiten dute, eta horrek elkar aberaste potentea sortzen du. Jardunaldi honetan elkar topatzen zuten lehen aldia izan zen, eta Lantegi Batuak-eko batek gaztetxoengana hurbiltzeko lehenengo pausua eman zuen eta laguntza eskaini zien. Oso kontentu gaude pausu honekin”.