Santa Eufemi jaiak, "herri txikiak bizirik" mantentzeko
Gaur [irailak 16] hasi dira Aulestiko Santa Eufemi jaiak, eta jai giroagaz jarraituko dute herritarrek domakara arte [irailak 20]. Ume, heldu eta gazteentzako egitaraua antolatu dute, bola joko, irrintzi lehiaketa eta plaza dantzan jartzeko kontzertuekin beteta.
Poney eta lagun artean aritu dira gazteenak. Zelaian batuta eman diete hasiera aulestiarrek Santa Eufemi jaiei. Udaren amaiera nabaritzen hasia da, eta gaur [irailak 16] goizeko euri zipriztinak izan dira horren erakusle. Zeruari begira igaro dituzte aulestiarren egunaren lehen orduak, ea euria noiz hasiko. Euri apur bat egin du azkenean, baina jaia normaltasunez hasi ahal izan dute. Umeak izan dira gaur protagonista, eta eurei eskeinita egon dira eguneko egitarauko ekintzarik berezienak.
Bola jokoan aritu dira herriko gazteenak 11:00etan hasita, eta lehia eta algara artean, bizitzaz bete dute Santa Eufemi jaiekin lotura estua duen bolatokia. Mezari ere egin diote tartea, eta horren ostean hasi da umeentzako benetako jaia. Mutrikuko Ibiri ganadutegiak poneyak ekarri ditu zelaira, eta denbora gutxi behar izan dute animaliek eta umeek elkarregaz jolasean hasteko. Gaztetxoek zelaiko maldan gora eta behera eraman dituzte poneyak; beste kasu batzuetan, baina, poneyek eraman dituzte umeak. Gelditu barik aritu dira eguerdian, hala ere, sabela betetzeko nahi beste jateko eta edateko aukera izan dute gazteek, baita bertaratu diren helduek ere. Familiartekoekin, lagunekin eta aspaldi ikusi barik zitutzenekin berbetan aritzeko jai ederra izan da gaurkoa.
Elkarteratzea bukatu orduko, Aterpetxe aurrean ilara egin dute irrintzi lehaiketan parte hartzeko irrikan zeuden umeek. Irrintziak botatzeko gaitasunak agerian utzita, txapel jaurtiketan jarraitu dute lehia. Gazteenek euren trebetasunak erakutsi dituzte, nagusien txapelketari hasiera eman baino lehen. Iluntzean musikari emango diote ongietorria, izan ere, Trikidantz taldeak plaza dantzan jarriko du erromeriagaz.
BI-3448 errepidean, herritarrak arriskuan. Aulestiko jaiak aldarriz beteta etortzen dira urtero. Gaurkoan ere, Herri Txikiak Bizirik plazaformak deituta, jai giroa une batez eten eta herritarrak zelaian elkartu dira, azken urteetan zabaltzen aritu diren mezu baten alde egiteko asmoagaz. Herritarrek garraioari lotutako eskaera asko egin dizkio administrazio publikoari eskabideen irakurketa egin dute. Aulestiko “eskolako ume batzuk taxi zerbitzu barik” geratu direla gogorarazi dute. Udaberrian herriko gurasoek elkarteratzeak egin zituzten eskola kanpoan ume guztiek garraio zerbitzua izan zezaten. Salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Bizkaiko Hezkuntza ordezkariak “2026/2027 ikasturtean zerbitzua edukiko dutela esan zuen aho txikiz, gurasoei lasaitzeko eskatuz”. Hitzemate faltsu bat salatu dute gurasoek, izan ere, “umeak irailaren 7an taxiari itxaroten egon zirn, baina ez zen taxirik etorri, eta ez dugu ezelako erantzunik jaso”.

‘Herri txikiak bizirik’ plataformak deituta, elkarteratzea egin dute.
Aulesti eta Markina-Xemein batzen dituen bidea ere izan dute mintzagai. Maiatzean bi herrien arteko garraio publikoa jartzeko “norbanako eta elkarteek 428 alegazio” egin zituztela adierazi dute, eta erantzunik ez dutela jaso salatu ere.
Aulestitik Markina-Xemeinerako bidea “zabaltzeko edo konpontzeko 1.417 sinadura batu” zituzten 2024ko irailean, eta Bizkaiko Foru Aldundira bidali zituztela gogorarazi dute. Plataformako kideak eta Aulestiko eta Gizaburuagako alkateak Aitor Etxebarria Atutxaga Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Garapenerako zuzendari nagusiagaz batu ziren. Adierazi dutenez, bilera hortan “argi esan ziguten aurrekontu handia daukala eta ez dutela egingo; proposatu ziguten konpondu behar diren errepide zatiak identifikatzeko eta horregaz egingo zutela proiektua”. Etxebarriak adierazi zien 13.000.000 euro behar direla errepidea hobetzeko, eta “ez dela politikoki defendagarria”.
Herritarrek irmoki salatu dute hemen ikusten dela “hirugarren mailako herritarrak” direla: “Non dago herri txikietan bizitza bultzatzeko ahalegina ez badago zerbitzu egokirik? Ez eta azpiegitura erakargarririk biztanleak bertan geratzeko?”