Aulestiko familiek eskola-taxi zerbitzuaren inguruko erantzun ofizialaren zain jarraitzen dute
Aulestiko gurasoek administrazioen isiltasuna salatu dute. Umeen segurtasuna bermatzeko, eskola taxia beharrezko zerbitzua dela aldarrikatu dute.
Aulestiko zenbait familiek umeak etxetik eskolara eramateko taxi zerbitzuak izango duen etorkizunaren inguruko erantzunaren zain jarraitzen dute. 2026ko apirilean jaso zuten albistea; izan ere, Urregarai Eskolako zuzendaritzak jakinarazi zien 2026-2027 ikasturtean umeak eskolara eramateko taxi zerbitzua bertan behera geldituko zela, etxetik eskolarako distantzia bi kilometrotik beherakoa dela argudiatuz. Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurrean, Aulestiko landa eremuko umeen segurtasuna eta hezkuntzarako aukera berdintasuna bermatze aldera, martxan jarri ziren gurasoak. Gaur gaurkoz, ez daukate erantzunik, eta administrazioaren isiltasuna salatu dute.
“Gure kasuan arazoa ez da kilometro kopurua. Arazoa umeen segurtasuna da”, azaldu dute. Gurasoek adierazi dutenez, etxeetatik eskolarako bidea ez dago ume txikiek oinez egiteko moduko gutxieneko segurtasun baldintzetan: “Hainbat zatitan ez dago oinezkoen biderik, errepidea estua da eta ibilgailuen zirkulazioa etengabea da”. Hala, segurtasun ezaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren eskola garraioaren araudiak aurreikusten duen salbuespena aplikatzeko eskatu zuten gurasoek, “bidea segurua ez denean distantzia hutsa ez baita nahikoa garraioa ukatzeko”.
Maiatzaren 12an aurkeztu zituzten alegazioak Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzan, Hezkuntza Sailean eta Arartekoan. Egunean bertan jaso zuten Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzako arduradunaren deia, “familiak lasaitzeko asmoz”: “Arduradunak esan zigun 2026-2027 ikasturtean taxi zerbitzua edukiko genuela. Hala ere, konpromiso hori ahozkoa izan zen; ez dugu inoiz idatziz jaso“.
Ordutik, ez dute bestelako informaziorik jaso gurasoek: “Arartekoak jakinarazi zigun Hezkuntza Sailaren erantzuna itxaron behar zuela esku hartu aurretik”. Hala ere, uztailean ez zuten inolako erantzunik jaso, eta irailean, berriro deitu zuten, informazio eske: “Ordezkaritzako arduradun berriak esan zigun erabakia Lakuan hartu behar zutela, eta egun batzuk gehiago itxaron beharko genituela”.
Ikasturtea hasi den honetan, Aulestiko gurasoek administrazioen isiltasuna salatu dute: “Ezin dugu normaltzat jo administrazioak ume txikien garraioari buruzko erabakia ikasturtea hasi osteko egunera arte luzatzea”. Izan ere, familiek lana, zaintza eta, oro har, eguneroko antolaketa egin behar dute taxi zerbitzurik egon ezean: “Batez ere, umeen segurtasuna bermatua izan behar da”.
Aulestiko landa eremuko umeen segurtasuna eta hezkuntzarako aukera berdintasuna errespetatzeko exijitu dute, “gure eskaera ez da pribilegio bat”. Gardentasuna, erantzun idatzia eta araudia benetan aplikatzea da eskatzen dutena: “Hilabeteak igaro dira. Orain, hitzak ez ezik, erabakiak ere behar ditugu”.