Mutriku Sokatira taldeko kideak Munduko Sokatira Txapelketan lehiatzen ari dira, Hegoafrikan
Mutriku Sokatira Taldeko kideak Hegoafrikan daude, Munduko Sokatira Txapelketan. Domekan [irailak 13] hartu zuten hegazkina, eta martitzenean hasi ziren txapelketarekin. Lehenengo, pisaketak egin zituzten, eta eguaztenean hasi zuten lehia. Hala, zapatuan amaituko da txapelketa, eta momentuz “pozik” daude lortutako emaitzekin.
Kluben arteko lehia amaituta, egindako lanagaz “harro” daudela aitortu dute taldeko kideek sare sozialen bitartez: “Egun gogorra, intentsoa eta emozioz betea izan da. Momentu bakoitzean dena eman dugu, elkarri eutsiz eta talde bezala borrokatuz. Harrotasunez begiratzen diogu gaur [irailak 17] egindako lanari. Bizi izandako guztia bihotzean gorde eta indarrez jarraituko dugu”.