Mutrikuko Esparbela elkarteak herriko ondareak ezagutzeko bisitak egingo ditu urrian
Urriko lehenengo bi zapatuetan [urriak 3 eta 10] egingo dituzte bisitak. Lehenengoan, Mutrikuko arrain kontserbak ezagutuko dituzte, eta bigarrenean, karobiak eta mendiko labeak.
Mutrikuko Esparbela historia eta etnografia elkarteak eta Mutrikuko Udalak bisitak antolatu dituzte herriko ondarea ezagutzeko. Bi hitzordu egongo dira urrian: 3an eta 10ean. Lehenengoan, Mutrikuko arrain kontserbei buruzko bisita egingo dute, eta bigarrenean, udalerriko karobien eta mendiko labeen kokapena eta funtzionamendua ezagutuko dute. Biak ala biak, bisita gidatu formatuan egingo dituzte, eta jakinarazi dute, bi ekimenak doan diren arren, izena eman beharko dela aldez aurretik, 94360 33 78 telefono zenbakira deituta.
Urriaren 3ko bisita Mutrikuko portuan hasiko da, 10:00etan, lonja zaharreko arkupeetan, eta euskara hutsean izango da. Esparbela elkarteko kideek, arrainak kontserbatzeko teknikak eta Mutrikuko lehengo lantegien kokapena eta eraldaketa azalduko dituzte: “Mutrikuko kaiak arrantzari lotutako historia luzea du, eta arrain kontserba sektoreak urrezko aroa bizi izan zuen XIX. mende amaieratik XX. mende erdialdera arte. Kontserba lantegi asko herrian bertan zeuden, portutik gertu eta emakume askoren lanleku izan ziren”.
Urriaren 10ean mendialdera egingo dute Esparbelako kideek, eta Mutrikuko karobiak eta mendiko labeen kokapena eta funtzionamendua ezagutuko dituzte. “Burdina lortzeko labeen eta karobien antzinako historia aztertuko dugu, egitura hauen izena eta izana ezagutuz. Kareak baserri munduan zuen garrantziaz jabetu eta gure mendietako paisaiaren parte eta ondarearen biziraupenaren ikur diren egitura hauek bertatik bertara ikusiko ditugu”. Ibiri auzoan batuko dira urriaren 10ean, 10:00etan, Ibiritxora heldu baino lehenago dagoen zabalgunean. Bigarren bisita gidatua ere euskara hutsean izango da.