Narvaez-Azkarraga fosil bilduma Mutrikuko herriari eman diote
Jesus Mari Narvaezek eta Esperanza Azkarragak 263 fosil biltzen dituen bilduma eman diote Mutrikuko herriari.
Narvaez-Azkarraga fosil bildumaren behin betiko dohaintza sinatu dute. Mutrikuko Udala. Jesus Mari Narvaezek eta Esperanza Azkarragak 263 fosil biltzen dituen Narvaez-Azkarraga bilduma eman diote Mutrikuko herriari. Orain arte, udalak eta bildumaren egileek lankidetza hitzarmena zuten sinatuta, fosilak herrian izateko, baina irailaren 4an sinatu zuten dohaintza dokumentua, eta orain, herriarenak dira: “Jesus Mari Narvaez eta Esperantza Azkarragak behin betiko dohaintza egitea erabaki dute gure ondare geologikoa herrian bertan bermatu eta ikerketa nahiz dibulgaziorako erabilera izateko helburuarekin”.
Udalak eta bi egileek sinatutako dohaintzaren helburua bilduma babestu eta honen etorkizuna bermatzea dira. Batetik, helburu kultural eta zientifikoa dauka: “Bildumaren xedea dibulgazioa, ikerketa eta erakusketa publikoa izatea adostu da, irabazi asmoko ustiapen komertzial guztiak erabat debekatuz”. Bestetik, piezak beti bateratuta egongo dira, Narvaez-Azkarraga izenpean, eta laster ateak zabalduko dituen Talaixa Geomuseoko Flyscheko Erraldoiak erakusketan erakutsiko dira. Horrez gain, Mutrikuko Udalak beregain hartu ditu piezen erakusketa, kontserbazioa eta zaharberritzea.
40 urte lanean. “Narvaez-Azkarraga bilduma lau hamarkada baino gehiagoko ahalegin, pasio eta arduraren emaitza da. Urte hauetan guztietan egindako lan bikainari esker, bikoteak mundu mailako ammonite erraldoien bilduma handi eta azpimarragarrienetako bat eratzea lortu du”, azaldu du Mutrikuko Udalak. Gainera, bildumako pieza gehienak Mutrikuko kostaldean aurkitutakoak direla azpimarratu dute: zazpi hondartzetan, Kardala gisa ezagutzen den gunean edota Euskal Kostaldeko Geoparkeko beste zenbait lekutan. Hala, Narvaez eta Azkarragaren dedikaziorik gabe, fosil berezi hauetako asko betiko desagertuko liratekeela azaldu dute, “itsasoaren etengabeko higaduraren ondorioz”.
Mutrikuko Udaletik eskerrak eman dizkiote Jesus Mari Narvaezi eta Esperaza Azkarragari, “erakutsitako eskuzabaltasun handiagatik”: “Mutrikun Narvaez-Azkarraga bildumak izan duen ibilbide honek ezin hobeto uztartzen ditu esparru zientifikoa, ondare geologikoaren kontserbazioa, jasangarritasunerako hezkuntza eta herritar partikularren lan nekaezinaren arteko koordinaketak eman ditzakeen fruituak”.