304 mendizale elkartu dira Ispasterko mendi martxan
Hamahirugarren mendi martxa izan da aurtengoa, eta Ispasterko Udala zein parte hartzaileak "pozik" geratu dira.
Atzo [irailak 20] mendizale askok Ispasterko Mendi Martxaren deialdiari erantzunez, herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan zuten. 304 mendizale elkartu ziren hiri ibilbide desberdinetan parte hartzeko: ibilbide luzean 114 lagun, BTT edo bizikletazko ibilbidean 19 lagun eta ibilbide laburrean beste 171.
240 lagunek irailaren 14a aurretik sarean izena emana zuten eta, beraz, hainbat izan ziren egunean bertan animatu eta izena eman zutenak ere. Garbiñe Sanez de Buruaga alkateak Ispasterko Udala lortutakoagaz pozik dagoela dio, parte hartzaileek egindako aipamenak onak izan ziren orokorrean, jendea gustura ibili zen eta antolakuntza ere ona izan zela jaso zuten askorengandik: “Jendeak garrantzi handia ematen dio bideen egoerari, orduan denek esaten zuten bideak oso ondo garbituta zeudela, eta hor atzean badagoela lana”.
Hala ere, ibilbidearen amaieran parte hartzaileei egin zitzaizkien inkestak irakurri behar dituztela azpimarratu du alkateak. Proposatzen diren hobekuntzak aztertu eta datorren urterako posible direnak praktikan ipini nahi dituzte.
Boluntarioen lana ere aitortu nahi izan du Saenz de Buruagak: “Eskerrak eman nahi dizkiegu atzean egon diren boluntario guztiei, bertan egunean euren denbora librea mendi martxan eman duten guztiei. Baita argazkilariei ere, denei. Ikusten da lan handia egin dela aurretik”.