Orio eta Arraun Lagunak, Eusko Label eta Euskotren ligen jabe
Lekittarrak eta Ondarroak zazpigarren eta zortzigarren postuak lortu dituzte, azken postuak urrun utzita eta denboraldi hasieran ezarritako helburuak beteta. Igoera kanporaketetan, Hondarribia eta Zarautz ariko dira datorren denboraldian Euskotren ligan. Deustu eta Zarautz izan dira Eusko Label Ligarako txartela irabazi dutenak.
'Antiguako Ama' Bermeoko uretan.Bermeo Arraun Argazkiak Oriok ez du erritmorik jaitsi eta gogor astindu zuen zapatuan [irailak 19] Bermeoko 44. bandera, hala, San Nikolas-ek aurtengo denboraldiko 20 jardunalditik 17 irabazita amaitu du asteburua. Portugaleteko uretan, gainera, Ligako irabazleak direla gogorarazteko garaikurra altxatu dute. Lekittarrak eta Ondarroak lehen txandan egin dituzte estropada biak, eta zazpigarren eta zortzigarren postuetan amaitu dute liga. Play Offari dagokionez, Hondarribia Deustu eta Zarautzen bi traineruak ariko dira maila gorenetan datorren denboraldian.
Donostiarra eta Hondarribia ere izan ziren lehen txandan. Donostiarra Kontxako Banderan egindakoa errepikatzera etorri zen Bermeoko uretara, eta bere txandan maila mantentzen ari dela erakutsi zuen. Bi luzeak egiten azkarrenak izan ziren, eta olatuen indarra baliatuz, Hondarribiari zortzi segundoko aldea atera zion bigarren ziabogara heldu orduko. Hirugarren postuan egin zuen bigarren biraketa Antiguako Ama-k, eta lau segundo gehiago behar izan zituen Lekittarrak. Gipuzkoarrak aldea handitzen aritu ziren etengabe; atzetik, Ondarroa eta Lekittarra elkarren abiadura mantzeko arraunean ari ziren eten barik. Estropada 20.38,20ko denboran amaitu zuen Donostiarrak; Ama Guadalupekoa-k 20.47,92ko denboran amaitu zituen lanak, Antiguako Ama-k 21.07,04ko markagaz, eta laugarren egin zuen Lekittarrak (21.12,18).

‘Lekittarra’ Bermeoko Banderako lehian.Bermeo Arraun Argazkiak
Orio, Bermeo-Urdaibai, Getaria eta Zierbenak osatu zuten ohorezko txanda. Orio hasieratik jarri zen lehen postuan, eta lehen biraketak agerian utzi zuen Bou Bizkaia oso hurretik zuela segika. Getariak ez zuen inola ere amore eman eta hirugarren luzean bermeotarrak atzean uztea lortu zuen, hala ere, herriaren babesak emandako indarrak batu eta laugarren luzean bigarren postua berreskuratzea lortu zuen, hala ere, uste baino gutxiago mantendu ahal izango zuten. Getaria, Bermeo-Urdaibai eta Zierbena berdinduta aritu ziren une batez. Epaileak ere izan zuen lana, izan ere, bandera zuria atera behar izan zio Zierbenari Getariaren kalean sartu eta gehiegi hurbiltzeagatik. Euren kalera itzultzeko gai izan ziren, eta baita Bou Bizkaia laugarren postuan uzteko ere. Hala, Oriok irabazi zuen Bermeoko Bandera 20.24,55eko denboragaz. Getariak lortu zuen bigarren postua (20.27,36); Zierbenak, hirugarrena (20.30,06) eta Bermeo-Urdaibaik, laugarrena (20.30,66).
Asteburuko bigarrena, Portugaleten. Lehen txandan aritu ziren atzo [irailak 20] Ondarroa eta Lekittarra, Donostia eta Hondarribiaren aurka. Hondarribia izan zen buru estropada guztian, hirugarren ziabogara Donostiarra baino 15 segundo lehenago helduz. Lekittarra hirugarren postuan ari zen ordurako, eta Ondarroa, laugarren. Abordaia arriskurik ikusi barik, Antiguako Ama Donostiarraren traineruaren atzean jarri eta gipuzkoarrei segika egin zuen laugarren luzea, hala ere, ez zuten Lekittarrari aurrea hartzea lortu. Hondarribia izan zen arinena, estropada 19.56,20ko denboran amaituta. Donostiarra izan zen bigarrena (20.13,26), Lekittarra, bigarrena (20.15,58) eta Ondarroa, azkena (20.16,96).
Ohorezko txandan Zierbenak egin zuen indar erakustaldia; denboraldiko azken estropadan eskuratu zuen eskifaiak bere aurtengo lehen bandera, eta Portugaleteko astintzea lortu zuten estropada 19.38,20ko denboran amaitu ostean. Oriok ez zuen 18. garaipena lortu, eta bigarren postuagaz konformatu behar izan ziren (19.51,22). Bermeo-Urdaibaik 19.54,92ko denboran amaitu zituen egin beharrekoak, eta Hondarribiak laugarren egin zuen 19.56,12ko denboragaz.
Zortzigarren postuan geratu badira, ere Ondarroak pozik amaitu du denboraldia, izan ere, denboraldiaren hasieran helburu nagusia “kategoria mantentzea eta play off-a saihesteko gure azpitik bi talde uztea” izan zen, eta ondo bete dute ezarritakoa. Lekittarrak ere baditu harro egoteko arrazoiak, izan ere, “hamabigarren postutik ahalik eta urrunen egotea” zuten helburu, eta zazpigarrenera heltzea lortu dute. Asteburuak emandakoa kontuan hartuta, horrela geratu da Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.
- Orio: 240 puntu.
- Zierbena: 205 puntu.
- Bermeo-Urdabai: 183 puntu.
- Getaria: 182 puntu.
- Hondarribia: 168 puntu.
- Donostiarra: 162 puntu.
- Lekittarra: 115 puntu.
- Ondarroa: 110 puntu.
Euskotren Ligan Arraun Lagunak izan da asteburuan jokatutako Zarauzko jardunaldi bietako irabazlea. Hala, horrela geratu da sailkapen orokorra:
- Arraun Lagunak: 128 puntu.
- Tolosaldea: 92 puntu.
- San Juan: 79 puntu.
- Orio: 73 puntu.
- Astillero: 67 puntu.
- Hibaika: 58 puntu.
- Donostiarra: 47 puntu.
- Zumaia: 32 puntu.
Elite mailara bidean. Play-offetan, Deustu izan zen arinena, 20.55,70eko denboragaz, eta Zarautz izan zen Eusko Label Ligara itzultzeko lehian bigarrena. Bermeon egindako denbora hobetu eta Deustok lehen postua eskuratu zuen. Zarautzek zapatuko postua errepikatu eta biek eskuratu dute datorren denboraldian Eusko Label Ligan aritzeko txartela. Euskotren ligan, Zarautz eta Hondarribia igoko dira liga nagusira.