Xabat Galletebeitia hirugarren geratu da Hazparneko saioan
Bertsolari Txapelketa Nagusia Hazparnen estreinatu zen zapatuan eta Xabat Galletebeitiak, 672 punturekin, hurrengo saioetan gertatzen denari itxaron beharko dio finalaurrekoetara sailkatuko den ala ez jakiteko.
Bertsolari Txapelketa Nagusia bueltan da, eta zapatuan eman zitzaion hasiera abenduaren 20ko finalera bitarteko hiru hilabeteko saio sortari. Txapelketa Hazparnen estreinatu zen eta lehenengo saio honetan sei bertsolarik neurtu zituzten indarrak: Eki Mateorena Zozaia, Miren Artetxe Sarasola, Unai Anda Delika, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Peru Abarrategi Sarrionandia. Saioa Miren Artetxe Sarasolak irabazi zuen 709 punturekin eta zuzenean finalaurrekoetara sailkatzea lortu zuen. Galletebeitia lekeitiarra hirugarren geratu zen 672 punturekin Maddi Ane Txoperena Iribarrenen (691 puntu) atzetik.
Giro ederra sortu zen estreinuko saioan, Galletebeitiak ere hala sentitu zuen: “Seikoteak ekipo polita egin genuen gure artean. Oso ondo moldatu ginen hasieratik gure artean. Hori transmititu genuela uste dut eta txapelketa nagusiko lehenengo saioa izatea, eguraldi ona zegoela, zapatua zela eta batu zen jende kopuruagaz, giro beroa eta polita zegoen kantatzeko.”

Galletebeitia bera ere sentsazio onekin heldu zen saiora, eroso eta gustora sentitu zela adierazi du, etorriarekin eta bertsotarako gorpuzkera onarekin sentitu zuen bere burua: “Momentu batzuetan disfrutatu egin nuen, adibidez hamarreko txikian, eta zortziko txikian edo handian ere batzuetan disfrutatu egin nuen bertsoak osatzen. Egia esan txapelketan hori lortzen duzunean ezin liteke asko gehiago eskatu”.
Galletebeitiaren hitzetan, bertsolariak uda aurretik hasi ziren asterokotasunean txapelketara begira entrenamentuak egiten eta bakoitzak bere kuadernoko lana egiten. Berarentzat Txapelketa Nagusiak duen berezitasun nagusia irailean hasten dela da, Bizkaiko Txapelketa baino hilabete bat edo bi arinago, eta horrek ikasturte berriak gainetik ez pasatzeko denborarekin lan egitea eskatzen du. Alde horretatik, Galletebeitia ondo heldu da txapelketara: “Gustora eta gogotsu heldu naiz eta ikasturte hasiera izan arren, kantatzeko gogoz heldu nintzen, fresko”.

Hamarreko txikian topatu zen gustura Artetxerekin, hor ikusi zuen Mirenek ere goia jo zuela saioan eta bera ere hortxe sentitu zen hobekien. Bakarkakoarekin ez zen oso gustura gelditu, behar bezala transmititu ez zuenaren sentsazioa geratu zitzaion: “Bai geratu nintzen gustura gauza batzuekin, baina arrisku batzuk ere hartu nituen eta horrek ondorioak ditu”. Guzti horretaz gain, bera konforme eta pozik gelditu zen egindako saioarekin.
Puntuazioak entzundakoan, ordea, penarekin geratu zen. Aurrekoengandik hurbilago geratu balitz lasaiago bizi ahal izango zuen txapelketari gelditzen saiona: “Egia da ditudan puntuekin ez dagoela jakiterik aurtengo txapelketan zelan joango den puntuazio sistema, bai ematen du momentu honetan hortxe egon naitekeela eta ez nintzatekeela urrun ibili beharko pasatzetik edo kanpoan geratzetik, muga bera izan naiteke. Aukerak ditut eta aukerak ditudan bitartean onartu egin behar da bai txarrerako zein onerako horrekin bizi behar da”.
Berea lehenego saioa izanda, beste saio guztietan gertatzen denari begira egon beharko du: “Egia da nire saioa txarra ez dela izan eta datozen bertsolari guztiek ez dutela edukiko aukera zortea edo modua nik egin nuen bezalako saioa egiteko, baina bertsolari asko falta dira, askok egin dezakete nik baino hobeto, hori dute euren alde, baina egia da nik jada egin dudala eta beste batzuek orain egin egin behar dute”.

Galletebeitiak txapelketa luze joango dela badaki eta ez du ezer egindakotzat hartzen ez baztertzen: “Ez nago ilusiorik edo fantasiarik egiten, ez nago oso optimista izaten, baina ukatu ere ezin dut egin ze bestela neure buruari tranpa egiten nago”.
Txapelketa aurrera doa eta datorren asteburuan beste bi saio izango dira. Zapatuan bigarren saioa egingo da Altsasun eta domekan Lekeitiori tokatuko zaio hirugarren saioa hartzea Santi brouard pilotalekuan.