Lea Ibarreko berdintasun plana osatzeko saio irekia antolatu dute
Lea Ibarreko Mankomunazgoa eskualdeko II. Berdintasun Plana ari da osatzen eta, prozesu horren baitan, parte-hartze saio irekia antolatu du eguenerako [irailak 24] mankomunazgoaren egoitzan, Gizaburuagan.
Berdintasunerako II. Plana diseinatzeko prozesuan murgilduta dago Lea Ibarreko Mankomunazgoa. Lehenengo planaren ebaluazioa osatu dutela adierazi dute, eta orain, “eskualdeko egungo egoeraren diagnostikoa osatzeko eta datozen urteetarako erronka nagusiak zehazteko unea” iritsi dela azaldu dute. Hori abian jartzeko, saio parte hartzailea antolatu dute eguenerako [irailak 24], 17:30ean hasi eta 19:30era arte.
Gizaburuagako Mankomunazgoaren egoitzan elkartzeko deia egin die eskualdeko mugimendu feministako kideei, emakume taldeei, guraso elkarteei, herri-eragileei eta berdintasuna sustatzeko interesa duten herritar guztiei. Hala, saioaren bidez “eskualdeko herritar, elkarte eta talde ezberdinen begiradak, bizipenak eta esperientziak” jasoko dituzte, etorkizuneko plana “ahalik eta errealista, egingarria eta Lea Ibarreko herri bakoitzaren beharretara egokitua” izan dadin. Gune guztiz irekia izango dela argitu dute, eta “kezkak, beharrizanak eta proposamenak” partekatzeko aukera egongo da. Herritarren ekarpenetan oinarrituta osatuko dute Lea Ibarreko Berdintasunerako II. Plana.