Milloi eta Asterrikako auzo eskolei buruzko dokumentala ikusgai asteburuan
Auzo eskolen ehungarren urteurrena aprobetxatu dute dokumentala osatu eta eskola garaiko bizimodua berriatuarrei erakusteko testigantza bidez.
Berriatuko auzo eskolen 100.urteurrenaren baitan, Milloi eta Asterrikako auzo eskolei buruzko dokumentala proiektatuko dute datorren asteburuan. Zapatuan [irailak 26] Asterrikako auzo eskolan proiektatuko da 12:00etan eta domekan [irailak 27] herriko bideo gelan 19:00etan. Dokumental hau Berriatuko Udalak eta Goikolau Kultur Elkarteak elkarlanean sortutako ikus-entzunezkoa da, abuztuaren 29an estreinatu zen Milloiko jaietan, harrera ona izan zuen herritarren aldetik eta hurrengo bi proiekzioak asteburu honetakoak izango dira.
Imanol Mugartegi Goikolau Kultur Elkarteko lehendakariak azaldu bezala, dokumentala egiteko arrazoia Milloiko auzo eskolaren ehungarren urteurrena izan da. 1926an sortu zenez eskola, aurten urteurrena dela aprobetxatu nahi izan dute ikus-entzunezko bat osatzeko. Izan ere, dokumental hau osatzeko duela urte batzuk egindako grabaketak ere erabili dituzte: “Dokumentalean agertzen diren pertsonen testigantza batzuk eginda zeuden eta orain egin duguna beste batzuekin osotzea izan da, Asterrikan eta Milloin ikasitako jende gazteagoarekin, eta horrekin pixkat osatu eta dokumentaltxo bat egin dugu auzo eskolari buruz”.
Aurretik sortutako grabaketak 2020an egin ziren, Goikolau Kultur Elkartetik proiektu bat egin zen Hezkuntza Berriatuan izenez. Bizkaiko Foru Aldunditik egindako Europako ondare jardunaldiak aprobetxatuta hezkuntzari buruzko jasoketa batzuk egin zituzten eta pandemiagatik ez zuten askorik argitaratu. Aurten, beraz, dokumental berri hau osatzeko erabili dira. Guztira 12 herritar dira dokumentalerako elkarrizketatuak.
Hainbat aldek hartu dute esku proiektu honetan eta kudeaketa Goikolauren eskuetan egon da, Udalak ere hainbat zereginetan hartu du eskua eta dokumentalaren sorkuntzan parte handia izan duten beste bi izen aipatu ditu Mugartegik. Alde batetik, Leire Bereikuak grabatu zituen aurretik eginak zeuden elkarrizketak eta aurten Iratxe Etxeandiak egin ditu berriak, dokumentalaren edizioa azken honek egin duelarik.
Goikolau Kultur Elkartean erakusketa bat ere ikusgai dute joan den barikutik datorren domekara arte [irailak 27]. Auzo eskolen proiektuaren barruan Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako erakusketa dute: “125 auzo eskoletako argazkiak dira, Bizkaiko auzo eskolak zelan sortu ziren zelan izan zen euren planteamendua, zelan eraiki ziren, horri buruzko erakusketa da. Erakusketara doanak ez dagiala pentsatu Berriatuko auzo eskolen inguruko erakusketa ikusiko duela, baizik eta Bizkai mailakoa”.
Berriatuarren eskoletako bizimoduaz jakin nahi duenak dokumentalera jo beharko du: “Galderak egiten ditugu ez? Zelan joaten zineten eskolara? Zetan pasatzen zenuten eguna? Eta holako gauzak, pixkat euren egunerokotasunari buruzko galderak. Zelan zen lehenagoko eskolako egunerokotasuna.”
Mugartegik esan bezala, dokumentalak biltzen duena herriaren ondarea da: “Orain buru batzutan dagoen ondarea da, eta hori jaso eta erakusten ez bada eta proiektatzen ez bada ahaztu egingo litzateke. Agian jendeak pentsatuko luke lehenago dena errez egiten zela. Jasotzeko beharra zuen gauza bat da eta beste gauza asko bezala jasota geldituko da. Ez dadila ahaztuta gelditu betirako”.