Ziortza-Bolibar irisgarriagoa egiteko erabakiak hartu dituzte herritarrek
Simon Bolibar plaza berrantolatzea, Iruzubieta irisgarriago eta seguruago egitea eta herrigunean oinezkoak lehenestea eskatu dute.
Herri irisgarriago bat lortzeko, herritarrek lehentasunak ezarri dituzte. Topaketarako eta zaintzarako espazio publiko irisgarrien partaidetza prozesuagaz aurrera jarraitzen du Ziortza-Bolibarko Udalak. Joan den eguenean [irailak 17] herritarrak elkartu eta saio kolektiboa egin zuten, herria irisgarriagoa, seguruagoa eta zaintzarako egokiagoa izateko proposamenak aztertzeko eta hauen lehentasunak zehazteko. Herritarrek udalerrian egin daitezkeen hobekuntzen proposamenak jaso zituzten hiri aholkularitza enpresa baten eskutik.
Saioagaz hasteko, herritarrek aurreko deialdian betetako galdetegiaren emaitzak aztertu zituzten, herritarren ardurak eta herrigunearen hobetu beharrekoak zeintzuk diren ezagutzeko. Guztira 23 herritarrek bete zuten galdetegia (17 emakume eta 5 gizon); gehienak, 45 eta 64 urte bitartekoak. Tartean, desgaitasunen bat duten pertsonek erantzun dute, baita norbait zaintzen dutenek ere.
Galdetegiaren emaitzen artean zenbait egiaztapen deigarri mahaigaineratu zituzten eguenean. Hasteko, topagune ohikoenak tabernak eta hauen terrazak direla adierazi dute galdetegiaren erantzunek. Espaloien koskak ere nabarmendu dituzte, gurpildun aurkien erabilera asko zailtzen dutelako. Gaizki aparkatutako ibilgailuak eta hauen gehiegizko abiadura ere nabarmendu zituzten herritarrek. Segurtasun arazoen kasuan, perfilen araberako arrakala bat antzeman zen bileran, izan ere, ibilgailuen arazoa “emakumeen eta gazteen kezka esklusiboa” dela adierazi zen, eta desgaitasuna duten pertsonek eta adineko gizonek ez dutela arazo hori ia sumatzen. Topagune nagusiek, gainera, genero arrakala bat zabaltzen dute, izan ere, tabernek gizonentzat funtzionatzen dutela ondorioztatu zuten, baina ez dituzte adineko emakumeen beharrak asetzen.
Proposamenak. Herritarren iritziak identifikatuta, Ziortza-Bolibarrek udalerri irisgarri izateko behar dituen aldaketen proposamenak mahaiganieratu zituen hitzaldia eskaini zuen hiri-aholkularitza enpresak. Simon Bolibar plazan jarri zuten fokua, plaza eta harmailak berrantolatzeko beharra azpimarratuz: zoladura leundu, ibilgailu pribatuen sarrera murriztu, hiri-altzariz ekipatu edo barandak jartzea. Herrigunean oinezkoen lehentasuna indartzea eta trafikoa baretzeaz ere aritu ziren: autoen aldizkako pasabidea edo antzeko estrategiaren bat aplikatzea —Aulestiren kasua adibide bezala jarriz—, baita oinezkoen lehentasuna begi bistan egotea ere, eurentzako pasabidea dela adieraziko duten lauza desberdinak jarriz. Zebrabideak eta ibilgailuen pasabideak ere argi desberdintzea mahaigaineratu zen, baita herria zeharkatzen duen trabesia osoan abiadura murrizteko neurriak hartzea ere: oinezkoen eremua handituz edo errepidea estutuz. Azkenik, Iruzubietako bolatokia eta armola arteko ibilbidea hobetzea proposamenetako bat izan zen: trafikoa baretzea, zebrabide berria eraikitzea eta dagoen espaloia berroneratzea.
Garraioak lotura zuzena dauka aurreko puntuagaz, eta horregatik “landa eremurako garraio-sistema publiko-komunitario jasangarria” izateko beharra azpimarratu zuten galdetegian. Topaguneei dagokionez, “eskoletako lokaleko kanpo espazioaren erabilera sustatu” behar dela, adinarteko topagune gisa ekipatutako espazio seguru eta irisgarria sortuz.

Ibilgailuen abiadura murrizteko aldizkako pasabidea legokeen tokia.

Iruzubietan oinezkoentzako hobetu nahi den eremua.Projekta Urbes
Erabakiak, herritarren esku. Proposamenak entzun eta aholkularitza jaso ostean, herritarrek lehentasunak ezarri zituzten. Euren aburuz, Simon Bolibar plaza eta bertako harmailak berrantolatzea premiazko beharrizana litzateke. Horren atzetik, beharrezkoa dela adierazi zuten herrigunean oinezkoen lehentasuna indartzea eta trafikoa baretzea. Maila berean jarri dute Iruzubietako Bolatokia-Armola ibilbide segurua eta irisgarria egitea eta bolatoki inguruko espazio publikoa osatzea. Komun publikoen seinaleztapena hobetzea eskatu dute, eta baita Iruzubietako Elkarteko komunetan kanpoko sarbidea irisgarriago egitea. Azkenik, Beheko Zubiko parkea hobetzea ere eskatu dute.
Aholkularitza enpresaren irizpideak eta herritarren iritziak kontuan hartuta, Ziortza-Bolibarko Udalak txosten bat osatuko du egingo dituzten obrak zeintzuk izango diren zehazteko. Obrak aurrekontuaren araberakoak izango dira, eta zatika egingo dituztela aurreratu dute, “ziurrenik 2028. urtetik aurrera”.