Auzoen arteko desafioarekin datoz San Jeronimo jaiak
Mutrikuko San Jeronimo auzoko jaiak ospatuko dituzte datozen egunetan. Gainera, aurten, berritasunekin datoz: auzoen arteko desafioa egingo dute.
Auzoko jaiak indartu eta mantentzea helburu izanik, egitarau “biribila” antolatu dute San Jeronimoko auzotarrek datozen egunetarako. Urtero legez, aurten ere, berritasunekin datoz jaiak, eta auzotarrak “gogotsu” daude, festa giroan elkarrekin gozatzeko: “Urtero gustatzen zaigu egitarauan berritasunak sartzea, eta aurten, auzoen arteko herri kirolak egingo ditugu. Olatz eta Ibiri auzoek talde bat osatuko dute, eta Galdonamendi eta San Jeronimok beste bat”.
Etenaldi luze baten ondoren Olatzeko auzotarrek aurten berreskuratu dituzte jaiak, eta bertan egindako auzotarren arteko desafioa ikusita, San Jeronimokoek proposamena luzatu zioten, auzoen arteko desafioa egiteko: “Maiatzaren 15en Olatzera joan ginen, eta desafioa ikusi genuenean, auzoen artekoa egiteko ideia izan genuen. Olgetan hasi baziren ere, egiazko bihurtu zen proposamena, eta zapatuan [irailak 26], auzoen arteko herri kirol desafioarekin hasiko dituzte jaiak. “Giroa nabaritzen da. Desafioaren aurreko entrenamenduak, auzotarren eta inguruko auzoetako jendearekin harremanak egin… polita ari da izaten, eta zapatuan ere polita izango da. Elkarrekin egon, elkar ezagutu eta ondo pasatzea dira helburuak”. Harri jasotzea, lokotxak, txingak, ingudea, trontza, aizkora, korrika eta sokatira izango dira egingo dituzten probak.
Ondoren, Ibiriko pottokak eta zezen txikiak egongo dira: “Urteak daramatzagu pottokak eta zezen txikiak auzora ekarri gabe, debekatuta egon baitira. Beraz, pozik gaude aurten ekarri ahal izan ditugulako”. 20:30ean Laket erromeria taldearen kontzertua egongo da, eta gero, txokolatada: “Ordu horretan jarri dugu kontzertua, uste dugulako jende gehien egongo den ordua dela. Izan ere, iraila izanda, geroz eta hotz handiagoa egiten du gauetan, beraz, 20:30ean egongo da erromeria”. Egunari amaiera emateko auzoko gazteak egongo dira DJ bezala.
Domekan [irailak 27] umeek hartuko dute protagonismoa. Izan ere, 11:30ean hasiko dute eguna auzotarren, jolas dinamikoekin: “Pozik ibiltzen dira umeak jolasetan. Gainera, txirrista erraldoia ere jartzen dugu, eta han ibiltzen dira, gora eta behera”. 14:30ean auzo bazkarian batuko dira, Balentin Zumalabek egindako janaria dastatzeko, “50 lagun inguru”.
Azkena, San Jeronimo. San Jeronimo egunarekin emango diote amaiera jaiei eguaztenean [irailak 30]. Tradizioari eutsiz, mezarekin emango diote hasiera egunari, eta ondoren, herri kirolen erakustaldia egongo da Mikel Agirre eta Ernesto Ezpeleta Bihurriren eskutik: “Gainera, auzoko gazteak ere ibiliko dira herri kiroletan”.
Auzotarrak “gogotsu” daude jaietarako, eta aurreikuspen onak egin dituzte: “Eguraldi ona egongo dela uste dugu, eta horrek, giro hobea ekarriko du. Auzo izaerari eutsiz, jaiak indartu eta mantentzea da gure helburua, batez ere, gure gazte eta umeek ere guk bizi duguna bizi ahal izateko”. Horrez gain, antolatzaileek aitortza egin nahi izan die urte luzeetan lanean ibili direnei: “Esker hitzak besterik ez ditugu beraientzat. Beraz, gure aitortza eta esker ona adierazi nahi diegu, guri transmititu diguten bezala, guk ere belaunaldi berriei transmititzeko”.